Gabonak ate-joka dauden honetan Laudioko APILL elkarteak, hainbat erakunderekin elkarlanean merkataritza dinamizatzeko plana osatu du, “Gabonetan herri biziagoa, erakargarriagoa eta alaiagoa lortzeko” helburuarekin. Hainbat erakunderen babesa jaso du APILLeko kanpaina aurrera ateratzeko. Eusko Jaurlaritzak Hirigune laguntzaren bidez eta Laudio Berrikusi Finkatu proiektuaren bidez ekarpena egin diote dinamikari, baita Arabako Foru Aldundiak eta Laudioko Udalak ere. Beste erakunde batzuek ere laguntzen dute ekintza zehatzetan, hala nola Rural Kutxa eta Bebidas Serrano.
Urtero bezala, erakusleiho lehiaketak argia eta kolorea jarriko die udalerriko kaleei. Aurtengoa lehiaketaren XXXI. edizioa izango da, eta laudioarrena izango da erakusleiho onena aukeratzearen ardura. Horretarako, Laudio Berrikusi aplikazioaren bidez edota alizkariko kupoien bidez bozkatu ahalko dute herritarrek gustukoen duten eskaparatea. Pertsona bakoitzak boto bat baino ezingo du igorri. Parte hartzaile guztien artean Bebidas Serranok lagatako bi saski, Laudion bizi, Laudion erosi leloa duten kamisetak eta 2025eko egutegiak zozkatuko dira. Erakusleihoen Ginkanak osagai berria eskainiko dio aurtengo erakusleiho lehiaketari. Abenduaren 10etik 15era bitarte, Gabonetako erakusleihoak bisitatzen dituzten herritarrek 400 euroko balioa duten erosketa-bonuen zozketan sartuko dira.
Urtero bezala erakusleiho lehiaketak argia eta kolorea jarriko die udalerriko kaleei
Zozketa gehiago
Udalerriko komertzioetan erosteagatik zozketa gehiagotan parte hartzeko aukera izango dute. Alde batetik bi tablet zozkatuko dira erosle bakoitzak aukeratzen duenarentzat; “aukeratu nor harritu nahi duzun”, adierazi dute APILLeko kideek. Tableten zozketetan parte hartzeko nahikoa izango da saltoki parte hartzaileetan norberaren datuekin txartela betetzea eta APILLen egoitzako postontzian uztea.
Bestetik, 73 eurotan balioetsitako hamahiru lote zozkatuko dira ausaz Laudio txartela 10 eurotik gorako erosketetan erabiltzen duten herritarren artean. “Garrantzitsua da proiektuari atxikitako saltokietan egiten dituzun erosketetan txartelari adi egotea”, azaldu dute antolatzaileek.
Zozketa potoloena, ordea, Laudion gastatzeko 1.000 euroko txartel berriarena izango da. Zozketa honetan parte hartzeko, herritarrek abenduaren 15era arte dute epea erosketen tiketak Laudio Berrikusi aplikaziora igotzeko. 1.000 euroko bonuaz gain, bigarren sari bat egongo da ere: Aingeru Olabarrieta Athleticeko jokalariak sinatutako 33 zenbakidun elastikoa.
Ordubeteko aparkalekua
Merkataritza dinamizatzeko asmoz, ekimen berritzailea mahaigaineratu dute APILLetik. Aldai aparkalekuan autoa uztea doan izango da lehenengo ordubetean. “Gure Hiriko Merkataritza Gunera autoz hurbiltzen diren bizilagun eta bezeroei Gabonetako erosketak errazteko helburuarekin, lehen ordua doakoa izango da Aldaiko aparkalekuan. Abenduaren 9tik aurrera eta izakinak amaitu arte, parte hartzen duten establezimenduetan erosketak egiten dituzten herritarrek ordubeteko parking txartela eskuratuko dute”, jakinarazi dute merkatari eta ostalarien elkartetik.
Olentzero eta Mari Domingi
Ohitura bilakatu da Olentzerok eta Mari Domingik herriko txikienei telefonoz deitzea, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. APILLek sustatuta, herriko komertzioetan aurkitu ahalko da telefono deia jasotzeko izen-emate txartela. Interesa duten familiek datuak bete eta izen-emate orria APILLen postontzia uztea besterik ez dute.
Ekimen gehiago
Merkataritza dinamizatzeko ekimenek ez dute etenik. Zozketa eta Olentzero eta Mari Domingiren deiez aparte, abenduaren 9tik 24ra 5 euroko kupoiak Laudio Berrikusi APParen bitartez eskainiko dira. Gainera, 2025eko egutegiak banatuko dituzte. Oraingo honetan, “Laudio: kaleak, auzoak eta tokiko enpresa” izan da egutegirako gaia.