Aurten berritu da Arrankudiagako bolalekua. Zein izan da bola jokoaren zaletasunaren egoera orain arte udalerrian?
Arkaitz Gorostizaga Arbide: Guk gaztetatik ezagutu izan dugu bolaleku hau. Laudioko klubekoak etortzen ziren hona eta herriko batzuk ere jokatzen zuten. Gaur egun 70-80 urte dituzte guztiek. Bazeuden Mikeltxu, Luis Mari, Jose Ignacio Larrazabal… jauzi bat zegoen euren eta gure adinekoen artean. Jose Ignaciok antolatzen zuen hemen txapelketa, 2014 urtera arte. Hortik aurrera egiteari utzi zitzaion, eta saiatu ginen dena gure gain hartzen jokoa gal ez zedin. Hamar urte eman ditugu horretan. Txapelketak egiten jarraitu genuen, eta apurka hasi ginen beste ekimen batzuk ere sartzen, beti bolatoki honetan.
Zer egoeratan zegoen eraikuntza eraberritzea baino lehen?
A.G.A.: Ez zegoen oso ondo, oso zaharra zen. 1980. hamarkadan Udalak eraberritzea egin zuen, horma eta teilatuak berrituta, baina gero txarrera joan zen. Orain dela urte batzuk hageak aldatu ziren Agustin Leturiagaren laguntzarekin, auzolanean.
Asier Barruetabeña Berganza: Apurtu egin ziren eta ezin zen bolatokira sartu.
Koldobika Albizua Azkueta: Pisu handia zuen, goian hormigoia zuelako botata, eta ura ere sartzen zen.
A.G.A.: Egoera ez zen onena, eta Udaletik aukera ikusi zuten bolatokia osorik eraberritzeko, dirulaguntza bat baliatuta. Guk hobekuntza batzuk eskatu genituen eta zerbait integrala egitea erabaki zuten, ez mugatzea pare bat gauza egitera.
Ezberdintasun asko dago oraingo eta bere garaiko bolatokien artean?
A.G.A: Bai. Teilatua berria da eta orain kristalekin aukera dago kanpotik barrukoa ikusteko, lehen ez zegoen horretarako aukerarik. Orain edozein aldetatik ikus dezakezu jokoa. Bestalde, haizea sartzen zen eta lurreko buztin kapa murriztuz joan zen, harriak agertzeraino; hori ere ez da ona jokorako. Horregatik, apustu integral horren barruan kokatu da zoruko buztin guztia aldatzea. Udal langileek egin dute hori.
Uste duzue eginiko lanek balioko dutela Arrankudiaga-Zollon bola jokoarekiko zaletasuna berpizteko?
A.G.A.: Bai. Hau pizgarri bat da. Dena berria denez jende gehiago bertaratu da, argi eta garbi. Obrak hasi baino lehen egin genuen azken txapelketan 28-29 pertsonek eman zuten izena. Oraingoan, aldiz, ia bikoitza daude parte hartzen. Eragina izan du, bai.
Bola taldea eratzeko asmoa duzue orain. Zeintzuk dira emango dituzuen urratsak?
A.G.A.: Gutxieneko antolakuntza bat egon behar da Udalaren partetik dirua jasotzeko. Askoz errazagoa da hori egitea elkarte bat eratuta badago. Eta zuzendaritza talde bat eratuta egoteak ere errazten du zeozer gehiago antolatu ahal izatea. Erraztasuna izango litzateke gauza gehiago antolatzerako orduan. Bola jokoak oraindik ez du indar handirik Arrankudiagan. Horregatik, bolariak lortu nahi ditugu, jokoa apur bat hobetu eta jendeari grina sartzeko.
Norbaitek taldean parte hartu nahi badu zer egin dezake?
A.B.B.: Bolalekuko giltzak eskatu.
K.A.A.: Hori da. Orain gazte pilok eskatzen digute giltza eta etortzen dira, orain batez ere, Neguko Txapelketari begira. Entrenatzera ere etortzen dira, txapelketaren egunean jaurtitzera mugatu gabe.
Noiz da Neguko Txapelketa?
A.G.A.: Azaroan hasi zen. Zortzi jardunaldi dira, hemendik eta apirilera. Herriko txapelketa bat da. Udako Txapelketara badatoz kanpoko jokalariak, federatuak daudenak. Baina oraingoan nahi genuen herriko jendearekin egin, beldurrik gabe jokatzeko eta maila apur bat hartzeko.
Pozik zaudete izandako harrerarekin?
A.G.A.: Bai, 49 pertsona gaude, 20 emakume eta 29 gizon. Ia bikoiztu dugu aurreko urteetako marka.