BABESTUTAKO EDUKIA

Bizkaiko Foru Aldundiak 'Bizkaiko merkataritza. Oso Pro' kanpaina abiarazi du

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2024ko abe. 17a, 08:00

'Bizkaiko merkataritza. Oso Pro' kanpainaren aurkezpena.

Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusiak, legealdi osoan zehar luzatuko den eragin handiko kanpaina aurkeztu du: Bizkaiko tokiko saltoki txikiaren irudi berritu eta eguneratua eskaintzea du helburu, aldaketa eta berrikuntza bultzatzeaz gain, merkatari izateaz harro egotea sustatzeko.

Bizkaiko tokiko merkataritza txikiari laguntzeko asmoz, Foru Aldundiak Bizkaiko merkataritza. Oso Pro. Proaktiboa. Profesionala. Eta oso gertukoa izeneko kanpainaren berri eman du. Helburu nagusia lurraldeko merkataritzaren irudia berritzea da, garai berrietara egokitzeko gaitasuna eta tokiko ekonomiarentzat duen garrantzia nabarmentzeko. "Kanpaina honen bidez esan nahi dugu Bizkaian dauden 11.000 erakusmahaietako bakoitzaren atzean pertsona proaktiboak, profesionalak eta oso gertukoak daudela. Bizkaian oso pro diren 46.000 merkatari baino gehiago daudela" azpimarratu du Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Bizkaiko saltoki txikiek erronka handiei egin behar diete aurre, teknologia, demografia eta ingurumen-eraldaketaren ondorioz. Operadore handien lehiari eta digitalizazio beharrari ere aurre egin behar diete. Hala, testuingurua hori izanik, Bizkaiko Foru Aldundiak, BilbaoDendak Bizkaidendak –Bizkaiko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Enpresen Federazioa– eta Cecobi –Bizkaiko Merkataritza Enpresa Konfederazioa– merkatarien elkarteekin lankidetzan, ekintzak bultzatzen ditu tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko eta negozio-eredu berritzaileago, digital eta hurbilago bateranzko eraldaketa sustatzeko. Horretarako:

  • Sektorearen digitalizazioa sustatzen du, tailerren, aholkularitzen eta prestakuntza-ikastaroen bidez.
  • Saltokietako profesionalizazioa eta berrikuntza bultzatzen ditu, jardunaldi, prestakuntza-programa eta aholkularitza espezializatuen bidez.
  • Hurbileko merkataritza ikusgarriago egiten du, kontsumo arduratsurako duen garrantzia nabarmentzeko.
  • Genero-berdintasuna sustatzeaz batera, emakumeen lidergoa merkataritzan ikusarazten du, sektoreko langileen % 68 emakumeak baitira.

Ibilbide luzeko eta eragin handiko kanpaina

Oso Pro kanpainak ibilbide luzeko ikuspegia du, eta legegintzaldi osoan zehar hedatuko diren hainbat fase ditu. Helburua da Bizkaiko saltoki txikiaren pertzepzioa hobetzea, ez soilik kontsumitzaileen artean, baita merkatarien artean ere, lanbidearekiko harrotasuna sustatzeko eta beren negozioak kontsumo-joera berrietara (aurrez aurre zein modu digitalean) egokitzera bultzatzeko. Bizkaiko merkataritzaren irudi berrituak profesionaltasuna, proaktibitatea eta hurbiltasuna nabarmentzen ditu funtsezko ezaugarritzat. Kanpaina burutzeko hamabi saltoki protagonistaren laguntza lortu da: Bizkaiko hainbat tokitakoak dira, eta lurralde-, genero- eta sektore-aniztasuna adierazten dute, bai eta berrikuntzarekiko konpromisoa ere.

Kanpainaren aurkezpenean Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainara Basurkok ere parte hartu du. Adierazi duenez, kanpaina jendaurrean erakusteko, Bizkaiko merkataritzaren isla diren egungo kolore bizi askotan egindako piezak erabiliko dira. Ahalik eta inpakturik handiena lortzearren, hainbat formatu eta kanaletan agertuko da, hala nola sare sozialetan, autobus-markesinetan, kanpoko pantailetan, tren-geltokietan, zinemetan, tranbietan, komunikabide digital nahiz analogikoetan eta streaming-plataforma nagusietan.

Azkenik, kanpainaren aitzindari diren hiru merkatari berritzailek Bizkaiko merkataritza. Oso Pro esperientziaren berri eman dute. Igorreko Arratek Informatica enpresako Unai Garcíak, Gernikako Gakoak Interiorismoko Idoia Atekak eta Bilboko R-evoluciona Taller de Cueroko Fernando Cabok azaldu dute nola espezializazioa, pertsonalizazioa eta iraunkortasunaren aldeko apustua funtsezkoak izan diren gero eta lehiakorragoa den merkatu batean ezberdinak izateko, eta Bizkaiko tokiko merkataritzaren alde egitea oso "pro" dela erakutsi dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko merkataritza berritzaile, lehiakor eta erakargarriaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Oso Pro kanpainak balioa eman nahi dio Bizkaiko merkatarien eguneroko ahaleginari; izan ere, beren profesionaltasun, proaktibitate eta hurbiltasunarekin lurraldearen kohesioari eta garapen ekonomikoari laguntzen diote.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide