Aiaraldeko ikastetxe publikoak elkarlanean ari dira ikasleen artean irakurzaletasuna landu eta sustatzeko. Etapaz etapa, eta maila bakoitzean trataera desberdina eskainiz, irakurketarekin gozatu daitekeela erakutsi nahi diete ikasleei.
Kezka konpartitua
Eskualdeko ikastetxe publikoek kezka bera dute: irakurketarako ohiturak behera egin du. Honen eragina dute Laudio eta Zaraobe institutuetan nabaritu dute bereziki. Izan ere, ikasleen ulermen gaitasun faltak zaildu egiten du, besteak beste, Batxilergo mailako testu konplexuen lanketak.
Digitalizazioak ere eragin nabaria izan du irakurzaletasunaren eboluzioan. Gazteen artean komunikazio eredua aldatu egin da, eta irudiak hartu du pisua irakurketaren eta idazmenaren kaltean. “Aro digitalean oso ohituak gaude jasotzera. Irakurketa, ordea, aldebikoa da; arreta eskatzen du, jasotzeko eman ere egin behar da, pantaila baten aurrean baino arreta gehiago eskaini behar diogu”, adierazi dute eskola publikoko irakasleek. Maila goiztiarrenetan ere nabari dira digitalizazioaren ondorioak, hala nola, pantaila digitaletara ohituta dauden haurrek ipuinak zabaltzeko duten ezintasuna.
Arazoaren erroa identifikatuta, elkarlanean jardutera ekin diote Aiaraldeko eskola publikoek. Liburu fisikoen erabilera lehenetsi dute irakurzaletasuna maila guztietan garatzeko ezinbesteko tresna gisa, eta familien ahalduntzea ere sustatu dute, prozesuan bidelagun izan daitezen.
Ahozkotasunetik testu konplexuetara
Mailaz maila landu beharrekoa da irakurzaletasuna, etapa bakoitzean behar desberdinei erantzunez. Eboluzio horretan hizkuntzak berebiziko garrantzia du, eta hor jarri dute fokua Haur Hezkuntzako mailetan: ahozkotasunaren lanketan. Hizkuntzarik gabe ez dago irakurketarik, eta, beraz, oinarri sendoa eraikitzea dute helburu heziketa zikloko etapa goiztiarrenetan. Nola? Bada liburekin kontaktua eta maitasuna lantzea da gakoa.
Bide horretan, Bularretik Mintzora proiektua garatu dute eskola publikoek, “irakurketaren lehen urratsak familian eta komunitatean sustatzeko”. Proiektuak elkar harremanetan jartzen ditu eskolak eta udal-liburutegiak, azken horietan gurasoek eta haurrek elkarren artean ipuinak partekatzeko gune atsegin bat sortuz. Bertan irakurritako ipuinak eskolara eraman eta gainerako gelakideekin elkarbanatzen dituzte. Esperientzia honek “irakurketari dimentsio soziala” ematen diola azpimarratu dute Haur Hezkuntzako hezitzaileek. Halaber, familiek prozesuan duten papera ere azpimarratu dute.
Irakurketa gaitasunaren garapena LHko 4. mailara arte luzatzen den prozesua da. Bularretik Mintzora proiektuak urratutako bideak, Motxila Ibiltaria deituriko ekimenarekin du jarraipena Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako mailetan. Liburuz beteriko motxila etxera eramaten dute ikasleek gurasoekin elkarbanatzeko. Mota guztietako liburuak sartzen dituzte motxilan: eleberriak, komikiak, ipuinak, atlasak… “Helburua ez da liburu oso bat irakurtzea, baizik eta gogoko dutena irakurtzen gozatzea”.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere irakurketa planak jarri dituzte abian eskualdeko Laudio eta Zaraobe Institutuetan. Plataforma digitalen bidez irakurzaletasuna lantzeko proiektuez gain, paperezko formatuari ere berebiziko garrantzia eman diote; urteetan liburutegiek pisua galdu dute, eta horri buelta eman nahi diote Aiaraldeko ikastetxe publikoetan, ikastetxeetako liburutegietan inbertsio berriak eginez. DBH mailan ulermena lantzea da gakoa, eta horretarako irakurketarekiko afizioa sustatzea dute helburu: “Ikasleak gogoko duen zerbait irakurtzen duen aldiro, inkontzienteki, ulermena lantzen ari da. Gaitasun hori funtsezkoa da DBHn lantzen diren testu konplexuak jorratzeko orduan”.