Eva, zure familiak eta Mohamedek duela bi urte ekin zenioten aldi baterako harreraren abentura honi; nola hasi zen dena?
Eva Merino: Senarrak eta biok Mohamed hartzea erabaki genuen hark 8 urte zituela eta gure seme Ekik 6. Etxean bagenuen lekua beste pertsona batentzat, ez zitzaigun ardura familia aldi batez handitzea, eta ume saharar bat hartzea erabaki genuen. Bi urte pasatu dira dagoeneko hasi ginenetik. Familia aldatu da; aurten senarra eta biok banandu gara, baina hirugarren urtean ere Mohamed ekarriko dudala erabaki dut.
Zer ekartzen die Oporrak bakean programak haur sahararrei?
Estibaliz Barrio: Haur sahararrek ondo pasatzen dute hemen: barrakak, igerilekua… Eta hori guztia familia berri batean, lotura berriak sortzen eta adiskide berriak egiten… Baina programa honen eragina are handiagoa da. Haurrentzat programako harrera aldia gehien bat josteta aldia bada ere, haien gurasoentzat umeek osasun zerbitzu onak jasotzeko aukera da, hau da, beren etxean detektatzen zail diren patologiak azkar detektatzeko aukera: zeliakia, miopia… Horrez gainera, haurrek hobeto jaten dute, denetariko janariak edukitzen baitituzte otorduetan. Hemen haur sahararrek beste kultura bat ezagutzen dute, beste bizimodu bat, beste familia eredu batzuk, beste hizkuntza bat ikasten dute… Haur saharar askorentzat aldi batez kanpalekuetatik kanpo bizitzeko aukera bakarra izan daiteke.
AFANIS elkarteko kidea zaren aldetik, ondo ezagutzen dituzu saharar errefuxiatuen kanpalekuak, sarritan joaten baitzara bertara. Azalduko diguzu nola bizi diren haurrak kanpaleku haietan?
E.B.: Errefuxiatuen kanpalekuetan haurrak ez dira bizi; nahikoa dute bizirik irauten. Oso bizimodu latza dute; zaila da azaltzen… Esaterako, ez dago iturriko urik, eta horrek osasun arazoak ekar ditzake… Hala ere, pozik bizi dira, sahararrentzat umeak oso garrantzitsuak dira eta.
Seguruenik harrera prozesuak ere baditu eragozpenak. Mohameden harrera kontuan hartuta, zer nabarmenduko zenuke?
E.M.: Mohamed gurean izan zen lehen urtean negar asko egin zuen, familiakoen faltak erabat penaturik zegoen, eta niri horrek pena handia ematen zidan, noski. Uste dut normala dela lehen urtean zaila izatea familiatik urruntzea, artean oso txikia zen eta. Dena dela, apurka-apurka pasatu zitzaion. Gainera, Mohameden osaba-izeko batzuk Eibarren (Gipuzkoa) bizi dira beren seme-alabekin, eta udan hemen egoten denean haiekin elkartzen da. Horrek asko lagundu digu.
Kontuan eduki behar da harrerak lana dakarrela berekin: medikuarenera eraman, behar duen arropa erosi… Dena dela, gure kasuan, etxean beste haur bat dago, ia adin berekoa, eta horregatik bizimodua ez zaigu askorik aldatzen.
Beharrezkoa da harrera familiek errefuxiatuen kanpalekuak ezagutzea haur sahararrak etxean hartu aurretik?
E.B.: Nire ustez oso ondo dator ezagutzea. Horregatik, AFANIS elkartean trebakuntza ikastarotxoa ematen diegu aurretik. Nolanahi ere, ume sahararrak beren kausaren enbaxadore txikiak dira, eta azkenean haien begien bitartez Arabako familiek sahararren egoeraren berri ikasten dute.
Nolakoa izan behar da familia ume sahararra etxean hartzeko?
E.B.: Oro har, denetariko familiek egin dezakete harrera, guraso bakarrekoek zein guraso bat baino gehiagokoek… Jakina, badaude baldintza batzuk: esaterako, familiaburuaren adinak 25-65 urte bitartekoa izan behar da, prozesu bat amaitu behar da (elkarrizketa bat barne) eta agiri batzuk eskatzen dira. Prozesu erraza izaten da, eta helburua familia apur bat ezagutzea da, adingabearen ardura hartzeko gauza izango dela ziurtatzeko. Aurten, berrikuntza gisa, Saharako haurrei udalekuetan sartzen laguntzeko baliabideak gehitu ditugu, familiei kontziliazioa errazteko.
Eva, zer uste duzu AFANISek harrera prozesuan ematen duen laguntzari buruz?
E.M.: Uste dut AFANISek lan oso ona egiten duela: batera egiteko jarduera asko proposatzen ditu, batez ere uztailean, eta horri esker familiak ez gara bat-batean geure kabuz moldatu beharrean aurkitzen. Gainera, itzultzailea eskaintzen dute, eta guk behar izan genuen okulistarenera joan behar izan genuenean. Eta, tira, beti egoten dira prest aholkuak emateko edo gure arazoen berri entzuteko.
Familia batek ume bat hartu nahi badu, non eskuratu dezake prozesuari buruzko informazioa?
E.B.: Informazio guztia eskura dago gure web orrian (www.afanis.org); gainera, telefonoz deitu dezakete (665 711 947 / 650 134 011) edo posta elektronikoz idatzi (afanisalava@gmail.com).