Bi urte daramatza Ainhoa Ormaetxek Arrankudiagako Batzokia kudeatzen, eta hasieratik izan du janari eskaintza. Hanburgesak eta ogitartekoak prestatzen zituzten hasieran, baina orain, ikasturte berriarekin batera, erronka berri bati heldu diote: eguneko menuak eskaintzea.
“Ikusi genuen lanegunetan hemendik igarotzen zirela hornitzaileak, langileak… eta jendeak orokorrean ez du jaten. Pintxo bat hartzen dute, edo tortilla erdi askoz jota”, azaldu du Ormaetxek, “orduan pentsatu genuen eguneko menuak ematen hastea, inguruko beste jatetxe batzuek hori eskaintzeari utzi diotela ikusita. Uste dut jendeari ahazten ari zaiola zer den benetan jatea, betiko moduan, mahai batean… eguneko menu klasikoa”.
Hori da orain Batzokian eskaintzen dutena: bi plater eta postrea. “Postrea kafeagatik ordezkatu daiteke, baina postreak etxean eginikoak direnez, behin probatuta zaila da uko egitea”, adierazi du Ormaetxek. Izan ere, nabarmendu duenez, etxean eginikoak dira zerbitzatzen dituzten jaki guztiak, eta produktu freskoak baliatzen dituzte: “San jakoboa egiteko, adibidez, nik neuk mozten dut urdaiazpikoa, gazta hautatu, niri gustatzen zaidan ogi birrindua baliatu… jendeak hobeto jaten du horrela”.
Asteburuetan ere eskaintzen dute zerbitzua. “Lauzpabost menu ditugu, prezio ezberdinetakoak, eta norbaitek nahi izatekotan whatsapp bidez idatzi ahal digu erreserbatzeko”, azaldu du jatetxeko kudeatzaileak.
Ondo jatearen garrantzia aldarrikatzen dute Arrankudiagako Batzokian: “Ezin dugu modu automatikoan bizi. Gelditu behar dugu jateko. Bazkaria parentesi bat da gure eguneko lasterketan, eta hori eskaintzen dugu hemen”.
ARRANKUDIAGAKO BATZOKIA
Elexalde Auzoa, 20, 48498 Arene, Bizkaia
621 15 06 94
Ordutegia:
- Asteartetik ostiralera 9:30-19:00
- Ostiraletan: 9:30-23:00
- Larunbatetan 10:00-22:00
- Igandetan 10:00-19:00