Nola iritsi zara Hotel Orduña Plazako spinning monitore izatera?
Txirrindularia izan nintzen kadete eta gazte mailan. Mikel Landa edota Aberasturirekin kointziditu nuen tropelean. Denboraldi-aurrea prestatzeko hurbildu nintzen spinningera, eta engantxatu ninduen. Oso dibertigarria iruditu zitzaidan, eta monitore titulua ateratzea erabaki nuen. Laudion hasi nintzen spinning monitore lanetan, Urduñan ere urteak eman. 2019tik daramat Hotel Orduña Plazako gimnasioan.
Zenbat saio eskaintzen dituzue Urduñako bainuetxean?
Hiru spinning talde ditugu. Astelehen eta asteazkenetan eskaintzen ditugu klaseak; 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan. Kañeroa da, baina musika eta konpainia onarekin gogotsu hartzen dut. Saio bakoitzean 19 edo 15 lagun inguru elkartzen gara, eta leku libreren bat dagoen arren, orokorrean nahikotxo betetzen dira klaseak.
Zer nolako jendea elkartzen da spinning klaseetan?
Badira hasiera hasieratik nirekin spinning klaseetan egon direnak, eta asko eskertzen dut hori. Badira ere probatu, utzi eta bueltatzen direnak ere. Oso jende anitza dator spinning egitera. Badatoz erretiratuak, baina baita gazteak ere. Denboraldi-aurrea ondo prestatu nahi duen jende oso kirolaria edo, besterik gabe, gorputza mugitu nahi duten herritarrak.
Zer onura ditu spinningak?
Kirol aerobiko izugarria da, bihotz-taupaden erritmo aldaketa handiekin. Kamiseta izerditu nahi duen ororentzat aproposa. Mugikortasuna asko lantzen dugu, ez bakarrik hankak, baita dortsalak, trizepsak… bizikletako posturak oro har.
Musikarekin asko jolasten dut saio guztietan. Lotura estua dut musika munduarekin, eta hori nabaritzend a saioetan. Ohiko txumba-txumbatik aldentzea gustatzen zait. Euskal musika eta ska ere asko uztartzen ditut. Musika ezinbestekoa da spinninga praktikatzeko.Erritmo desberdinak erabiltzen ditugu igotzeko, jaisteko edo “eremu lau” batean ibiltzeko. Spinning saioko altimeteria musikaren bidez prestatzen dut.
Kirola praktikatzeko aukera ugari eskaintzen ditu bainuetxeak.
Gauza gehiago eskaintzen dira bai. Yoga, pilates, gimnasia funtzionala eta aurten, berritasun gisa, aquagym taldea sortu da bainuetxean.