Babestutako edukiak

"Biharko azoka eraginkorra izatea nahi dugu, enpresek eta langabezian dauden profesionalek 'match' egin dezaten"

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2025eko abenduaren 10a

Gorka Aguirre Astola Laudioko industriagunean. / Aiaraldea.eus

GORKA AGUIRRE ASTOLA (Legutio, 1969) Aiaraldean Lanean federazioko presidentea da. Enplegu azoka egingo du erakunde horrek bihar, eskualdeko enpresak eta langabezian dauden profesionalak hartu-emanean jartzeko. 

Zer helbururekin antolatu duzue biharko azoka?

Badaude enpresa batzuk lan-indar bila daudenak eta langilerik ez dagoela diotenak. Aldi berean, langabezia izaten jarraitzen dugu eskualdean, 45 urtetik gorakoen artean eta pertsona migranteen profil batzuen artean bereziki. 

Horregatik, ekimenaren helburua da jende hori profesional bila dauden enpresekin hartu-emanean jartzea, badakigulako batzuetan ez dela erraza bi aldeen arteko komunikazioa. Enpresek bilatzen dituzten profilak jendearen artean bilatzen saiatu nahi dugu, match egin dezaten. Modu horretan, azoka eraginkorra izatea dugu helburu.

Profil zehatzen bila zaudete?

Profil askoren bila daude enpresak. Gehienak industria esparrukoak dira, baina badugu baita zerbitzuen sektorekoren bat ere. Baina bai, biharko azokan parte hartuko duten gehienak industria profilekoak dira: elektrikariak, soldatzaileak, mekanikariak... 

"Jendea jubilatuko da eta profil berriak bilatu beharko ditugu horregatik"

Azaroan egin genuen galdetegian enpresetatik sortu zen kezka nagusia zen hori, ez zutela profesionalik topatzen hutsik dituzten lanpostu batzuk betetzeko. Horregatik, helburua bada enpresek profil horiek topatu ahal izatea, modu eraginkorrean ekoizten jarraitu ahal izateko. 

Azokaren lehen edizioa da aurtengo. Bigarrenik egongo da?

Hori da asmoa, enpresen beharrak urtez urte joango direlako azaleratzen. Jendea jubilatuko da eta profil berriak bilatu beharko ditugu horregatik. 

Nabarmenduko nuke baita ere azoka hau Vital fundazioarekin eta eskualdeko beste agente ekonomiko batzuekin elkarlanean antolatu dugula. Azokara joango den jendea esparru ezberdinetan formatutakoa da: logistikaren esparruan, fabrikazio mekanikoan edota adimen artifizialean. Badira enplegua bilatzen ari diren pertsonak, baina uneoro ari dira euren buruak formatzen eta birziklatzen. Aiaraldea Lanean-en ikastaro bat jarri dugu martxan adimen artifizilaren inguruan, 80 ordukoa, hau ere Vital Fundazioarekin elkarlanean. Sartuk, bere aldetik, logistika formazioak eskaini ditu... garrantzitsua da eskaintzen ditugun ikastaroak enpresek bilatzen dituzten profiletara egokituak egotea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide