BABESTUTAKO EDUKIA

Etapen arteko elkarrekintza, Laudio Ikastolan ardatz

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2026ko otsailaren 2a

DBHko 1. mailako ikasleek egindako jostailuak jaso dituzte Haur Hezkuntzan. / Laudio Ikastola

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasleen arteko zubia sortu dute Laudio Ikastolan. Haur Hezkuntzako ikasleen beharretatik abiatuta, egurrezko jostailuak sortu dituzte teknologia ikasgaiaren barruan. Jostailuak Mari Domingi eta Olentzeroren opari gisa jaso dituzte bueltan Ikastolako txikienek.

Etapen arteko elkarrekintza dute ardatz Laudio Ikastolan, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino ikasleen garapen integralerako hezkuntza-ibilbide osatu bat eskainiz. Belaunaldien arteko zubi horren adibide da DBHko eta Haur Hezkuntzako ikasleen artean sortutako elkarlana: DBHko ikasleek teknologia ikasgaian garatutako proiektua Mari Domingi eta Olentzeroren opari gisa jaso dute Haur Hezkuntzako ikasleek.

Sei urte dira dinamika abiatu zutela. “Teknologia irakasgaitik Haur Hezkuntzan zituzten beharrak asetzeko aukera ikusi genuen”, azaldu du Beñat Pagoaga Arrizabalaga irakasleak. Egurrezko material eta jostailuen premia, DBHko ikasleek garatzeko proiektu bilakatu zituzten. “Animaliak, autoak, trenak… Orotariko jostailuak sortu dituzte ikasleek, beti ere Ikastolako txikienen beharrei erantzunez”, azpimarratu du Nagore Atxabal Iturregik, Haur Hezkuntzako ikasketa buruak.

Zubiak eraikiz

Hutsetik abiatutako proiektua da tekonologia irakasgaian garatutakoa, eta urratsez urrats jarraitu dituzte jostailu bat diseinatzeko urratsak. “Ikasleak izan dira prozesuaren erdigunea” —nabarmendu du Pagoagak—. “Haur Hezkuntzako ikasleen beharrak ezagutu zituzten aurrena, eta bertan bildutako informazioarekin jostailuaren lehen bozetoak osatu zituzten”.

Aurten 3-4 urteko haurrentzako panpina-etxetxoak eta txikienentzako egurrezko animaliak sortu dituzte Pagoagaren ikasleek. Horretarako kontuan hartu dituzte erabili beharreko materialak, teknikak edota segurtasun neurriak. 

“Oso ekintza motibagarria da, hasieratik”, aldarrikatu du Atxabalek. Ikasleen protagonismoa eta konpromisoa jarri dituzte balioan. Ebaluazioek markatutako denboretatik kanpo kokatu dute proiektua, eta hori ere bada motibaziorako beste arrazoi bat, Pagoagaren hitzetan. “Kalifikazioa bigarren mailako kontua da. Ikasleek abenduko azken asterako jostailuak bukatzeko konpromisoa hartzen dute, Mari Domingik eta Olentzerok jaso ditzaten. Motibazio horrekin egiten dute lan”.

Ikastolako txikienek ere oso gogotsu jasotzen dituzte opariak. Jostailua estreinatzeko unea “magikoa” dela azaldu du Atxabalek: “Oso baliagarriak zaizkigu jostailuak Haur Hezkuntzan. Orain, esaterako, herria eta etxea lantzen ari gara proiektu batean, eta oso aproposa da DBHko ikasleek egindako panpina-etxeak eskura izatea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide