Aiaraldea herri txiki, ertain zein handiz osatutako eskualdea da, eta horietan guztietan hezkuntza publikoa presente eta bermatuta dago. Sare horrek aukera ematen du haur, nerabe eta helduek beren hezkuntza-ibilbidea eskualde osoan zehar jarraitzeko, hurbiltasuna , berdintasuna eta kalitatea oinarri hartuta. Testuinguru horretan ulertzen dugu Aiaraldeko hezkuntza Publikoa: lurralde osoari norabidea ematen dion proiektu bateratua, eskualdeko itsasargi gisa.
Aurrematrikula garaian, Aiaraldeko Hezkuntza Publikotik mezu argia helarazi nahi diegu familiei: eskola publiko euskalduna, inklusiboa eta elkarlanean oinarritua aukeratzea. Gure ikastetxeek, elkarrekin eta norabide partekatuan lanean, kalitatezko hezkuntza berdinzalea eskaintzen diete Aiaraldeko haur, nerabe eta helduei, gaurko beharrei erantzunez eta biharko erronkei begira.
Aiaraldean, euskal hezkuntza publikoa itsasargi da, eta argi hori komunitate osoaren artean pizten eta zaintzen dugu.
Ikasleen ongizate emozioanala eta garapen integrala erdigunean
Proiektu mankomunatu honek, gainera, ikastetxeetako hormak gainditzen ditu. Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa etengabe elikatzen da puntako hezkuntza-ikuspegietatik, eta gogoeta hori komunitate osora zabaltzeko apustua egiten du.
Eskualdean antolatzen dituen hitzaldi eta topaketek aukera ematen dute hezkuntza-ikuspegi berritzaileak partekatzeko, ikasleen ongizate emozionala, harremanen garrantzia eta garapen integrala erdigunean jartzen dituzten ideietatik abiatuta; ikuspegi horiek, besteak beste, Mar Romerak urrian Amurrioko Antzokian plazaratutako gogoetekin bat egiten dute, eta komunitate osoarentzat hausnarketarako eta ikaskuntzarako espazio bihurtzen dira.
Ildo horretan, azken urteetan eskualdera etorri diren beste hezkuntza-aditu batzuen ekarpenek ere norabide bera indartu dute, hala nola, Roberto Aguado eta Jose Antonio Fernandez Bravoren hitzaldiek; eta etorkizunean ere Aiaraldeko Hezkuntza Publikoak urtero horrelako topaketak sustatzen jarraitzeko asmoa du, hezkuntza komunitate osoari irekita.
Ikastetxeen arteko lankidetza estu horrek indartzen du Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa komunitate gisa. Eskola ez da espazio itxi bat: familiek, herrietako eragileek eta hezkuntza-komunitate osoak parte hartzen duten proiektu bizia da, lurraldearekin lotura zuzena duena. Elkarlan horrek hezkuntza publikoa sendotzen du, eta eskualdeko kohesio sozialari ekarpen zuzena egiten dio.

Euskara; Aiaraldeko Hezkuntza Publikoaren ardatza
Euskara da Aiaraldeko Hezkuntza Publikoaren ardatz nagusietako bat. Hizkuntza propioan heztea funtsezkoa da guretzat, betiere ikuspegi eleaniztasun, ireki eta inklusibo batetik. Hizkuntzak ez dira helburu hutsak, baizik eta ikasteko, harremanak eraikitzeko, pentsamendu kritikoa lantzeko eta mundua ulertzeko tresnak. Horregatik, hizkuntza-proiektuak etapa guztietan modu koherentean lantzen ditugu, ikasleen ibilbideari jarraipena emanez.
Eskola inklusiboa eskualde kohesionatuan
Eskola publikoa inklusiboa da berez. Ikasle guztiek dute tokia, bakoitzaren erritmoak, beharrak eta gaitasunak errespetatuta. Aniztasuna aberastasun gisa ulertzen dugu, eta horrek ongizatea, elkarbizitza positiboa eta justizia soziala erdigunean jartzen duten hezkuntza-eredua eskatzen du. Ikasleen garapen pertsonala eta akademikoa ezin dira bereizi, eta horretan datza eskola publikoaren indargune nagusietako bat.
Harreman horien bidez, Amurrioko Zaraobe Institutua etengabeko koordinazioan dago Mendiko, Zabaleko, Etxaurren, Okondo, Arteko Gure Ama eta Urduñako eskolekin. Laudio Institutuak, berriz, Areta, Lamuza, Latiorro eta Orozkoko ikastetxeekin egiten du lan. Horiez gain, Laudioko eta Amurrioko EPA zentroak ere sare horren parte dira, hezkuntza bizitza osoko prozesu gisa ulertuta. Antolaketa horrek aukera ematen du ikasleen ibilbideak modu koherentean laguntzeko eta eskualde osoan hezkuntza-eredu kohesionatu bat sendotzeko.