BABESTUTAKO EDUKIA

“Ikasketetan okertzeko eta nahi adina ibilbide probatzeko astia dago”

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2026ko martxoaren 16a

ASIER PAGAZAURTUNDUA Laudio BHIko ikasle oiha da. Gaur egun Zaragozan ari da pianoko goi-mailako ikasketak egiten. Institutuko garaiko bizipenen inguruan mintzatu da gurekin.

Zaragozan zaude zure ikasketak garatzen. Zer da zehazki ikasten ari zaren hori? Eta zergatik aukeratu zenuen?

Pianoko goi-mailako ikasketak ari naiz egiten Aragoiko Goi-Mailako Musika Kontserbatorioan. Zaragozara joatea erabaki nuen hango piano irakasleetako bat gogoko nuelako; izan ere, musika ikasketak aski bereziak dira, oso pertsonalizatuak, eta beraz biziki garrantzitsua da irakasle on bat topatzea. Hala eta guztiz ere, zalantza handiak izan nituen musikatik jotzeko: batxilergo zientifiko-teknologikoa egin nuen institutuan, fisika edo antzerako zerbait ikasteko ideia izan baitut beti, eta kontu bereziki zaila izan zen ikasketa batzuk edo beste batzuk aukeratzea, zeharo ezberdinak baitira. Edonola ere, azken unean musikaren aldeko bihozkada izan nuen eta handik jotzea erabaki nuen.

Institutuko garaian bizitako esperientzietatik, zein da gehien baloratzen duzuna? Zergatik?

Neuk Lateorroko ikastetxean ikasi nuen eta, institutura joateko unean, eskolako lagun gehienak ere bertara joan ziren ikastera. Alabaina, institutura heltzean, udalerriko beste eskoletako, baina baita inguruko herrietako ikasle ugarirekin bildu gintuzten eta, beraz, txikitatik nire adiskideak izandakoez gain, Laudio eta inguruko lagun asko ezagutu nituen. Institutua izan zen zonaldean nire adineko jendea ezagutzeko topagunea. Bestalde, oso gogoko dudan Laudioko institutuko beste alderdi bat, eskaintzen dituen aukerak dira. Institutuarekin Olinpiada Matematikoetan eta, bereziki gozatu nuena, Erasmus+ proiektuan parte hartu nuen. Poloniara joan nintzen ikasle trukean eta bizipen ederra izan zen benetan.

Esperientzia edo ikasketa horiek, zure ustez, oinarri egokiak izan dira orain garatzen ari zaren goi-mailako ikasketak aurrera eramateko?

Nire kasua nahiko berezia da; izan ere, institutuko ikasketez gain Bilboko erdi-mailako kontserbatorioan ari nintzen ikasten. Musikako goi-mailako ikasketetan sartzeko sarrera proba bat egin behar izan nuen EBAUaz gain; beraz, neuk hartu nuen bidea beste gelakideek jarraitu zutenaren aski ezberdina izan zen. Dena dela, institutua eta goi-mailako musika ikasketak amankomunean ezer gutxi baldin badute ere, egia da institutuan ikasketa ohitura onak garatu nituela eta aurkezpenak eta lan akademikoak egiten trebatu gintuztela. Hortaz, euskarri sendoa dut orain. Halaber, musikari gehientsuek batxilergo artistikoa egiten badute ere, neuk batxilergo teknologikoa egin nuen eta matematika ezagutza horiek oso lagungarriak zaizkit konposizio garaikidean, nire interes handienetariko bat. 

Alde handia sumatu zenuen institututik goi-mailako ikasketetara pasatzean? Zergatik?

Bai, noski. Egiten ari naizen ikasketak ez dira beste goi-mailako gradu edo unibertsitate-ikasketen parekoak. Ikasgaien gehiengoa bakarkakoak dira, alegia, irakaslearekin nago soilik klaseetan, eta, taldeko ikasgaietan ere, ez gara hogei ikasle baino gehiago izaten. Halaber, Zaragozara ikastera joan izana alde izugarria izan da niretzat. Herri batetik natorrenez, ez naiz ohitzen horren hiri handi batean bizitzera eta gehitu behar zaio klima, kultura eta hizkuntza-ohituren aldaketa ere. Hala ere, euskal komunitate handia gara Zaragozako kontserbatorioan eta euskaraz egiteko aukera dut oraindik ere egunerokoan.

Zeintzuk dira zure asmoak etorkizunari begira?

Laugarren mailan nago orain, beraz aurten bukatuko dut interpretazio gradua. Aitortu beharrean nago oraindik zalantza handiak ditudala datorren urteari begira. Konposizio gradua egin gura dut, baina pianoko masterrak begiztatzen ari naiz ere. Baliteke Alemania aldera joatea, historikoki eta gaur egun ere kontserbatoriorik onenak eta musika klasikoaren erdigunea Erdialdeko Europan baitago, batik bat, Alemania, Austria eta Suitzan. Musikari gehienak joaten dira hara ikastera, alde ikaragarria omen da-eta hemengo eta hango irakasle eta giroaren artean. Nolanahi ere, une honetan nire kezka nagusia ikasketa amaierako errezitala eta gradu amaierako lana ondo burutzea da, eta hurrengo urteetan non ikasi ikusteke daukat oraindino.

Zein aholku emango zenieke orain Batxilergoa ikasten daudenei edo ikasiko dutenei?

Etapa nahiko abstraktua da, institutu osteko ikasketetara oso bideratuak, eta norberak zer ikasi nahi duen oso argi eduki ezean, beldur apur bat ere sorraraz dezake. Hala eta guztiz, norberak gogokoen dituen ikasgaiak hartzeko aukera dago eta bi urte horiek asko disfruta daitezke. Ateak ixten hasten direlako inpresioa eman dezake, baina aukera bada oraindik erabaki horiek atzera itzultzeko eta beste xendra bati jarraitzeko. Neu, batxilergo zientifikoa egin izan arren, arte ikasketak ari naiz egiten orain eta, beraz, bi urteotan hautu handiak egin behar badira ere, beste bideak ez dira guztiz bazterrean geratzen. 

Bestalde, batxilergo osoa azterketa bakar batera zuzenduta dagoela ematen du eta presio horrek blokeora eroan gaitzake, baina noizbehinka selektibitatea burutik kentzea beharrezkoa da eta institutuko azken bi urteez gozatu. Unibertsitaterako sarrera proba momentu garrantzitsua baldin bada ere, gure etorkizuna ez dago erabat jokoan eta hautatzen ditugun ikasketetan okertzeko, ideiaz aldatzeko eta nahi adina ibilbide probatzeko astia dago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide