Zer eskaintzen dizue Laudio Ikastolak?
Hezkuntza ona jasotzen da hemen, ikasleak zaindu egiten dira. Gauza guztien gainetik giro hurbila eta atsegina da Laudio Ikastolan nagusi. Familia bat garela esan dezakegu; ez bakarrik ikasleen artean, baita irakasleekin ere. Harremana oso ona da, eta gure arteko gertutasunak ikasgelako lau hormak gainditzen ditu.
Azken finean, gure bizitzako denboraren zati oso handi bat igarotzen dugu Ikastolan. Denbora hori gertuko toki batean igaro ahal izatea izugarria da, gure bigarren etxea da Laudio Ikastola.
Eskola txikia gara, bi lerro baino ez ditugu maila bakoitzean. Horrek asko laguntzen du gure arteko harremanetan. Elkar ulertzeko eta ezagutzeko erraztasun handia daukagu.
Zaintza lan handia dago hemen. Komunitate bat gara eta horrek asko laguntzen gaitu gure egunerokoan. Ikuspegi integrala eskaintzen zaio gure ikasketa prozesuari.
Batxilergoa bada mugarri garrantzitsu bat ikasketa prozesuan. Ikastola bidelagun duzue prozesu horretan?
Selektibitateari begira ondo prestatzen gaituzte. Batxilergoa bada selektibitateari begira dagoen hezkuntza etapa bat, argi dago hori, baina poztekoa da Ikastolan, selektibitateaz aparte ere, egiten ditugula gauzak guretzat. Azterketen zurrunbilotik atera eta aberasgarriak zaizkigun beste kontu batzuk ere egiten ditugu.
Selektibitatea mugarri garrantzitsua da, baina Laudio Ikastolan irakatsi digute hori ez dela etorkizunera begira parez pare zabalik dugun bide bakarra; eta hori azpimarratzea oso positiboa dela.
Zer nabarmenduko zenukete Laudio Ikastolaren oinarrietatik?
Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa. Zalantzarik gabe Laudio Ikastolako ardatz nagusietako bat da hori.
Giro euskaldunean gaude, eta horrek gainera fruituak ematen dituela argia da. Ikasleon euskara maila ona da, eta gure harremanak ere euskaraz eraikitzen ditugu.
Gure aitona-amonek eraikitako ikastetxea da Ikastola. Euskal Herria eta euskal kultura sakon errotuta daude bertan.
Ikastolak gainera, bat egiten du gure balio euskaltzale, feminista edota antifaxistekin… hori izugarria da, eta ez da edozein ikastetxetan aurkitzen. Gure seme-alabak ere Laudio Ikastolara ekarri nahiko genituzke.