BABESTUTAKO EDUKIA

KOT: Aiaraldetik Euskal Herrira salto egin duen arropa markak 30 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2026ko martxoaren 27a

1996. urtean abiatu zuten egitasmoa laudioko hainbat gazteren artean, gerora grafik kooperatiba izango zenaren barruan. mende berriaren hasierarekin batera iritsi zen egitasmoaren arrakasta, mendi gailurren kamiseta ikonikoei esker. 

Konturatu orduko, 30 urteko ibilbidea bete du KOTek. Arropa marka aski ezaguna bilakatu da Euskal Herri osoan, baina ez da horren ezaguna Laudion sortu eta makinatutako ideia dela. 

1996. urtean abiatu zuten egitasmoa hainbat gazteren artean, Tramankulu Grafikoak (Tram Grafik) proiektuaren barruan (gerora Grafik kooperatiba bilakatuko zena). 

Euren hitzetan, "ilusioz" zein "inkontzientzia puntu batekin" hasi zuten bidea, baina helburu argi batekin hasieratik: lurrari lotutako ikurrak kalitatezko produktuekin lotzea. Horretarako, KOToia erabiltzea erabaki zuten. Eta hortik izena. 

Euskal Herriko hostoekin egin zuten lehen bilduma, baina 1998an mendiak baliatzera pasa ziren, eta orduan egin zuen gora proiektuak. Anboto, Gorbeia edota Aizkorriren irudidun kamisetak ikonikoak bilakatu ziren belaunaldi oso batentzat XXI. mendearen lehen urteetan. 

Ordutik hona mugarriz mugarri egin du salto ekimenak. Jende gehiago batu zen taldera, bulegoz aldatu ziren, elkarlanak garatu zituzten hainbat ekimenen eta eragilerekin (Nafarroa Oinez, Bertsozaleen Elkartea, Euskal Mendi Federazioa...) eta, bide horretan, hamaika bilduma plazaratu zituzten dozenaka eta dozenaka diseinurekin. 

2008ko krisi ekonomikoak marka ere kolpatu zuen arren, hurrengo hamarkada ere oparoa izan zen KOTentzat. Pandemiaren testuingurua baliatu zuten bilduma osoa Internet bidez saltzera pasatzeko, eta handik gutxira eman zuten hurrengo urratsa: arropa oro modeloen bidez aurkeztea. Horretarako, senide eta lagunak jartzen dituzte kamara aurrean, “komunitatearekin konexio autentikoagoa eta hurbilagoa” lortzeko. 

Eta lortu dutela esan daiteke. 1996an diseinu grafikoaren bueltan batu ziren gazte zoro horiek nekez imajinatuko zuten arropa marka propio bat sortzearen ideiak horrenbesterako emango zuenik. Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkiete bidelagun izan dituzten senide, lagun, lankide zein inguruko guztiei. 

Urteurrena ospatzeko ideia ugari dituzte mahai gainean, eta bat aurreratu dute dagoeneko: antzinako diseinu batzuk berreskuratuko dituzte udaberri-uda zein udazken-neguko kanpainetarako. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide