Euskararen normalizazioa Aiaraldean

Nor dago diskriminatua 2022. urtean?

Argazkia: Alea.eus

Euskararekiko, zein nolako hizkuntza auzi eta epaiak izan dira azken urteetan Aiaraldean zein Euskal Herrian? Beñat Mendigurenek hizkuntzaren normalizazioaren zenbait afera eta gogoeta partekatu ditu iritzi artikuluan.

Euskara + epaileak + funtzionarioak, saltsa bermatuta duen ekuazioa. Komunikabideetan sarri irakurritakoa eta ikusitakoa. Oraingoan Laudio iritsi da lerro buruetara.

Euskal Herrian euskarak lege babes eta oztopo ezberdinak ditu. Ez gara erabat burujabeak, eta horrek bere ondorioak ditu. Teleberrin atera gara, perfilei buruzko auzibide bat tarteko. 

"Euskarari eragiten dizkioten hainbat legeren onarpenak, eta horien azken interpretazio juridikoak, Euskal Herritik kanpo erabakitzen dira maiz. Eta hor, euskaldunen hizkuntza eskubideak baino, interes politiko alderdikoiak nagusitzen dira"

Euskarari eragiten dizkioten hainbat legeren onarpenak, eta horien azken interpretazio juridikoak, Euskal Herritik kanpo erabakitzen dira maiz. Eta hor, euskaldunen hizkuntza eskubideak baino, interes politiko alderdikoiak nagusitzen dira. Ziur? Norberak atera ditzala bere ondorioak. Alderdien sigla eta auzibide batzuk lagungarri hemen:

  • Gure autonomia erkidegoan Vox alderdi ultraeskuindarrak, konstituzionalera eraman zuen aktak euskara hutsez idaztea ahalbideratzen zuen lege artikulu bat. Erdaldunen bat egonda, gaztelerara itzultzeko betebeharra ezartzen du aipatu artikuluak (ez dirudi astakeria bat denik, euskaldunokin ez dute horrela jokatzen behintzat). Auzi honek, UEMA “Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea” osatzen duten herriei daragie praktikan. Euskaldunen indizea %70 baino handiagoa duten udalerriek osatzen dute UEMA, gehienak txikiak, eta horietako askotan EH BILDU dago alkatetzan  (Araban udalerri bakarra dago UEMAn, Aramaio). 
  • Espainiako auzitegi Gorenean eta Konstituzionalean, PSOEk eta PPk aukeratzen dituzte zeintzuk izango diren epaitegi nagusietako epaileak; Auzitegi Gorenekoak eta Konstituzionalekoak (komunikabideetan “kontserbadore” eta “progresistak” bezala ezagunak). Azken hitza eurek dute.
  • Irungo Udalak (PSE-EE alkatetzan) 12 udaltzain lanpostu betetzeko, hizkuntza eskakizuna exijitu zuen. 2021eko maiatzean EAEko Auzitegi Nagusiak prozesua  baliogabetu zuen, udaltzain erdaldunak diskriminatzen zituela argudiatuta. Madrilgo Auzitegi Gorenera jo zuen auziak.
  • Duela gutxi katalanak euren hezkuntza sisteman, eskola orduen %25 gazteleraz egitera behartu ditu Auzitegi Gorenak.

  • Orain Laudioko Udalari (EAJ alkatetzan) egokitu zaio epaitegietarako txanda.

Baina, egun indarrean dauden lege ezberdinek, zein hizkuntza eskubide aitortzen dizkigu EAEko herritarrei? Esango nuke ez garela horren jakitun. Horietako batzuk ale ditzagun, euskaldunoi zenbait konplexu usatzeko batetik (ez gara diskriminatzaileak) eta oraindik bermatuta ez ditugun eskubideez jabe gaitezen.

  • Duela 40 urte, 1982an. Orduan onartu zen Euskararen Oinarrizko 10/82 Legea. Aipatu legeak dio 5.2 artikuluan “EAEko edozein herritarrek duela erkidegoan kokatutako edozein administrazio publikorekin ahoz zein idatziz euskaraz aritzeko eskubidea”. 6.1 artikuluak “administrazioak edozein arlotan harrera nahi duen hizkuntza ofizialean” egin behar diola herritarrari. 8.2 artikuluak berriz, “administrazioaren egintza, mezu eta adierazpen guztiak bi hizkuntzetan egin behar direla, herritarrak bat propio aukeratu ezean”. 17. artikuluak dio “derrigorrezko irakaskuntza aldia bukatutakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adinako ezagutza” bermatuko duela Eusko Jaurlaritzak.

  • Administrazio publikoetako langileei hizkuntza eskakizunak ezartzea aspaldiko kontua da, duela 33 urtekoa (Euskal Funtzio Publikoaren 6/1989 Legea, 97. artikulua).

  • 86/97 Dekretuak, duela 25 urtekoak, hizkuntza eskakizunen derrigortasuna zehazteko irizpide argiak eman zituen. Tartean egiaztatzetik salbuestekoak. Eta bai, aipatu Dekretuak salbuespenak arautzen ditu. 42.a artikuluak dio “Plangintzaldietako bakoitza hasterakoan 45 urtez gorakoak” salbuetsi daitezkeela. Plangintzaldiak Eusko Jaurlaritzak ezartzen ditu eta 5 urteko iraunaldia dute, horrek esan nahi du, azken plangintzaldia 2018/01/01en hasi zenez, lanpostu batek esaterako, 2022/01/01ean dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko derrigortasun data ezarrita badu, salbuesteko langileak 45 urteak 2018 hasieran beteta izan behar dituela, ez 2022an. Horrezaz gain, 48. artikuluak hizkuntza bat ikasteko zailtasunak dituzten pertsonak salbuesteko prozedura azaltzen du (adituen tribunal bat eratzen da; mediku, logopeda, didaktika eta heziketa berezietako teknikariek osatutakoa, besteak beste).

  • 47/2012 Dekretuaren bidez, Patxi Lopez Lehendakariak, 2008ko apirilaren 16az geroztik derrigorrezko irakaskuntza aldiaren erdia euskaraz ikasi zutenei, 1HE egiaztatzetik salbuetsi zituen, eta batxilergoa edo goi mailako teknikari ikasketak egin zituztenak 2.HE egiaztatzetik, unibertsitateko karrera baten 52 ordu kreditu euskaraz ikasi dutenak berriz, 3.HE ez dute egiaztatu behar.

  • Gerora 2016an Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen 2/2016 Legea sartu zen indarrean. Bertako 6.1 artikuluak dio toki erakundeek bete beharko dutela herritarrak aukeratutako hizkuntzan “artatzeko duten betebeharra, hartarako behar diren neurriak harturik”. 7.1 artikuluak berriz, toki erakundeei aitortzen die “euskararen erabilera sustatzeko eta euskararen normalizazioa planifikatzeko eskumena. Eskumen hori egikaritu ahal izateko, udal bakoitzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu eta euskararen erabilera normalizatzeko beharrezkoak diren planak onetsi eta garatuko ditu, kontuan izanik instituzio komunetatik eta indarrean dagoen legeriatik euskararen erabilerari dagokionez eratorritako planifikazio eta erregulazio-irizpideak.” 

Laudion 40 urtez beherako herritarren ia %100 euskara ulertzeko gai da.Urtero portzentaje hori %1ean handitzen bada, 10 urte baino lehen biztanleriaren erdia euskalduna izango da. 2008an DBH ikasmaila bukatu zuen laudioarrak egun 30 urte ditu (horiek 1HE egiaztatzetik salbuetsita daude), batxilergoa 2008an bukatu zuenak 32 urte ditu (horiek 2HE egiaztatzetik salbuetsita daude), eta EHUn unibertsitateko ikasketak 2008an 36 urte ditu horiek 3.HE egiaztatzetik salbuetsita daude). Beraz, funtzionario lanpostu bat eskuratzeko hizkuntza eskakizunen bat egiaztatzea ez da hain zaila, geroz eta herritar gehiagorentzat.

Administrazio publikoan lan egin nahi duenak gai eta lege asko ikasi behar ditu, ikastaro eta masterrak egin. Beste edozein herritarrekin lehian jardungo du. Lan eskaintzan parte hartzeko betekizun batzuk bete beharko ditu. Denok ez dugu arkitekto, udal idazkari, lorazain edo gizarte langile izateko aukera izango, ikasketa edo gaikuntza berezi batzuk ez ditugulako. Hautagairik onena hautatzeko, “berdintasun, meritua eta gaitasuna zein gardentasun” irizpideak beteta, administrazio publikoak lehiakideak baztertu egiten ditu definizioz. Baina justu, hizkuntza eskakizunen kontua, biztanleria osoa aintzat hartuta, ez dut uste elementurik baztertzaileena denik. Are gutxiago 2022an. EAEn jaio eta ikasi duen 40 urtez beherako gehienentzako, zailagoa izango da lanpostu bat eskuratzeko ikasi beharreko gaitegiak menperatzea edo graduondokoak egitea, hizkuntza eskakizun bat egiaztatzea baino.

Eta euskaldunak ez gara diskriminatzaileak. Gurean euskaraz ez dakien pertsona bakarra egotea nahikoa da talde osoa gaztelerara pasatzeko. Sentiberak gara. Izatez, gu gara diskriminatuak, nahiz eta askotan kontziente izan ez.

"Euskaldunak ez gara diskriminatzaileak. Gurean euskaraz ez dakien pertsona bakarra egotea nahikoa da talde osoa gaztelerara pasatzeko. Sentiberak gara. Izatez, gu gara diskriminatuak, nahiz eta askotan kontziente izan ez"

Eskubidea dugu -duela 40 urtetik- medikuak euskaraz arta gaitzan, udaltzainek zein ertzainek isuna euskaraz jar diezaguten, edozein bileretan euskaraz aritzeko, garraio publiko guztietan mezuak euskaraz jasotzeko, kultura etxeko zein kiroldegi publikoetako jarduerak euskaraz jasotzeko, EHUko master guztiak euskaraz egiteko, epaitegietan euskaraz aritzeko, administraziotik idazki zein ahozko mezu guzti-guztiak euskara hutsez jasotzeko, eta nola ez, herri langileak diren udal langileengandik arreta euskaraz jasotzeko.

Euskara hizkuntza ofiziala da. Funtzio publikoko langileek zenbat eta gaitasun handiagoa izan, orduan eta zerbitzu hobeagoa eskainiko dute. Euskaraz ere eskaintzen bada, hobe.

Askotan galdetzen digute, Zer duzu nahiago, mediku on bat edo mediku euskaldun bat?” Bada, mediku euskaldun bat, euskalduna izateagatik, ez da mediku erdaldun bat baino gutxiago. Medikua da, eta gainera euskalduna. Zorionekoak gara, gaur egun hemen medikuntza ikasten ari direnak euskaldunak direlako. Eta arkitektura, administrazio kudeaketa, gizarte langintza, zuzenbidea… eta baita polizia ere.

Uste baino lehen, laudioarron %50 euskalduna izango da. Gaur egun euskararen kale erabilera %5 pasatxokoa da. Duela 20 urteko erabileraren antzerakoa. Jolastokietan eta herriko plazetan ere, duela 20 urte eta orain, espazio publikoa mutilek okupatzen zuten, eta horrela jarraitzen dute. Zain dezagun gure herria, gure hizkuntza eta batik-bat bertako pertsonak. Hitzekin eta ekintzekin.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide