«Gogorrena lortu dugu, baina hori ez da nahikoa», adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur gauean egin duen agerraldian. Herritarren «diziplina soziala» eskertu du, eta adierazi du konfinamendua beste bi astez luzatzeko eskatuko diela autonomia erkidegoetako presidenteei eta Diputatuen Kongresuari. Maiatzaren 9tik aurrera, «mailaka eta zuhurtasunez» kenduko dute konfinamendua, «deseskalatzea» hasteko. Ipar Euskal Herrian, itxialdiak maiatzaren 11ra arte iraungo du.
Sanchezek esan du haurrek kalera ateratzeko baimena izango dutela hilaren 27tik aurrera, «babes neurriak hartuta». Datorren astean zehaztuko dituzte neurri horiek, zientzia batzordearen aholkuak jarraituta. «Gobernuak gure egunerokotasun berriaren parte izango diren neurri bereziak hartu behar ditu orain», adierazi du.
Sanchezek iragarri du egungo agertokia aldatu egingo dela datozen asteetan. «Ez da konfinamendu bat egongo, konfinamendu batzuk egongo dira», esan du. Maiatzaren 9tik aurrera, beste pauso bat emango dela esan du, OME Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuak jarraitu, eta «deseskalatzea» hasteko. Horrek esan nahi du, hasteko, «neurri bereziak» hartuko dituztela lantokietan eta ikastetxeetan, eta konfinamendua arindu egingo dela guztientzat, «zuhurtziarekin eta mailaka».
«Deseskalatze» hori «asimetrikoa» izango da, gainera; hau da, ez da modu berean egingo Espainiako Estatuaren menpeko lurralde guztietan. «Gogorrena lortu dugu dagoeneko, baina hori ez da nahikoa: trantsizio bat hasi behar dugu normaltasunera itzultzeko, eta are zailagoa izango da urrats hori egitea», esan du. Azaldu du «markagailu» batzuk jarriko dituztela, zientzia batzordeak koordinatuta, eta horien bidez aztertuko dutela pandemiaren bilakaera, egoeraren arabera hartu beharreko erabakiak hartzeko.
«Normaltasun berrirako bidea motela izango da», adierazi du Sanchezek. Dena dela, ez du zehaztu zer neurri hartuko dituzten, zein izango diren igaro beharreko mailak. «Oraingoz, zientzia batzordeak esan du adingabeak kalera irteteak ez duela berebiziko arriskurik izango».