Apirilera arte luzatu nahi du Espainiako Gobernuak larrialdi egoera, izurriari aurre egiteko. Gaur, Madrilen, Ministro Kontseilu berezian onartu dute sei hilabeterako nahi duten egoera. Printzipioz, 15 egunerako ezarriko dute. Bi aste barru, luzapena onartu beharko du Kongresuak.
Martxoaren 14an ezarritakoa baino arinagoa izango da: ez da konfinamendu orokorrik egongo. Biltzeko eskubidea mugatuko da, gauean etxeratzeko agindua ezarriko dute, eta Erkide Autonomoetako buruek kudeatuko dute. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aukera edukiko dute erabaki propioak hartzeko. Eztabaida dago etxeratzeko aginduaren ordutegiaren inguruan, baina 23:00-06:00 tartea proposatu du Pedro Sanchezen exekutiboak
Horrez gain, Martxoan ez bezala, larrialdi egoera luzea du buruan Espainiako Gobernuak. Bozketa bakarrarekin, sei hilabeterako ezarri nahi du, saihesteko udaberrian gertaturikoa: bi astetik behin egoera luzatzeko eztabaida eta bozketa egin behar izatea Kongresuan.
Baina Alderdi Popularrak gobernatzen dituen bost erkidegoek ez diote orain arte sostengurik eman neurriari. Eta erabakia Alderdi Popularraren sostenguarekin hartzea nahi du Sanchezek, eta harekin gatazkarik sortu gabe.
Edonola ere, dekretua Kongresuan onartzeko gehiengoa edukiko duela uste du Sanchezek, besteak beste Kataluniako Generalitateak eta Iñigo Urkullu Iñigo Eusko Jaurlaritzako eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariek alarma egoera ezartzeko eskatu diotelako formalki.
Albiste hau Berria.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.