"Euskal pilota Laudion, Euskal Herrian eta munduan zehar" erakusketa ikusgarria

Erabiltzailearen aurpegia Bittor Arbizu 2018ko urr. 19a, 18:13

Lehendik ere izan ditugu herrian euskal pilotari buruzko erakusketak, esaterako, iazko urriaren 7an eta 22an aipatu nuena, Juan Barriola eta Patxi Aldunate pilotazale nafarrek antolatutakoa. Oraingo honetan Jose M. Urrutia ‘Totolo’ dugu antolatzailea, Herriaren Pilota Elkartea eta udalarekin batera.

Erakusketaren inguruan aurrekoan aipatu genuen bezala, harlanduz egindako munduko frontoirik handiena dugu Laudiokoa, berez monumentu bat dena. Urkijo Markesaren Jauregi ikusgarriaren barruan kokatua dago, non lorategiak, eraikinen eta zuhaitzen aberastasuna apartekoa den. Antzina errege-erreginak, gobernu presidenteren bat, eta abar bertara etortzen ziren, jaiak eta pilota partida handiak izaten zirela.

Oraingo frontoia eta inguruaren azalpena ondo zehaztu zigun txunditurik geratu zen Barriola lagun pilotazaleak,: "Frontoi eder bat gordetzen duen inguru magiko bat da”. Hitz hauek zuzenak izateaz gain, lagun pilotazale zintzo eta atsegin batengandik datozkigu. Aldunatek bere aldetik gaineratzen zuen: "Aho zabalik geratzen zara! Zer da hau! Bitxi bat! Zoragarria da!”

Astearte honetan ‘Totolo’ eta Pradera anaiekin, xistera pilotariak, frontoira joateko aukera eta ohorea izan nuen. ‘Totolo’k pilotari gisa Yakartako frontoiari hasiera ematean parte hartu zuen. Pradera anaietariko bat Estatu Batuetatik andre batekin etorri berria zen, bertan aritu baitzen xisteran. Aldez aurretik Totolok aipatu zidan frontoia ‘koroaren harribitxia zela’, Laudiorekin liluratuta zegoela, eta heldu zenean lehenengoz “Zer da hau?” pentsatu zuen aho zabalik.

Kuriosoki Aldunatek hitz berdinak erabili zituen. Pilotariekin izandako solasaldia euskara hutsez egin genuen. Totolo Mexikon jaioa da, aita ondarrutarra zuela, eta Markinako ‘amerrikarren’ antzera denok egiten dute euskara bikainki, bizi osoa Euskal Herrian eramango balute bezala.
Pradera frontoia ikustean harrituta geratu zen, esanez: “Holakorik ez dago munduan!”, Manilakoaren antza bilatzen ziola. Eta zegoen bezala jagon beharko zela gaineratu zuen.

Bilboko Euskal Museoak lau hizkuntzatan argitaratu duen “Euskaldunen pilota jokoa” liburu bikainak azalean nahiz atzeko aldean gure frontoia du protagonista.

Erakusketak argazkien bidez pilotarien ibilbidea azaltzen du munduko frontoietatik zehar. Modu berean pilotari handien lorpenak agertzen dira, esaterako Abrego (Arroniz) eta Eibarko Txikitorena, pilotari izugarria, hiru modalitateetan nagusitu zena. Totolok aipatu zidan Eibarko Txikia gazte nahiz zaharren artean ezagunagoa dela Iparraldean Hegoaldean baino. Kanta batean aipatzen dute: ‘Eibarko txikia , pilotari handia!”

Harrigarriak suertatzen dira Txinan, Kuban, Estatu Batuetan, Australian, Iranen... izan ziren pilotari talde handiak. Valentziako pilotari buruzko arlo bat ere badago, baita andreen parte hartzeari eskainitako bat ere.

Bukatzeko Totolok esandako pasadizo bat kontatuko dizuet. Esan zidan Frantziako Frantzisko I.a pilotazalea handia izan zela, baita pilotarien babeslea ere. Parisko Nestle trinketera joaten zen sarri. Kuriosoki nafar batek hartu zuen preso.

Totolo eta Pradera pilotariek aipatu zidaten zesta-puntari txistera esaten ziotela Hegoaldean, eta Iparraldean joko-garbi.

Behenafarroako kanta batek dioenez “Haurrak ikasi ezazue euskaraz mintzatzen, ongi pilotan eta oneski dantzatzen”.

Erakusketa hau aukera bikaina da adin guztietako lagunek ikus dezaten, zeren Totolok dioenez ‘Kirolik handijena’ dugu. Beraz, ikastola nahiz ikastetxeentzat bisitagarri, baita gure kirolaren garai onak bizi zituzten jubilatuentzat ere.

Hitzaldiaren barruan museo hitza ere agertu zen. Umiltasunez, uste dut aipatutako pilotarien onespenarekin, eta beste ekarpen batzuekin, Euskal Pilotaren Museoa sortu beharko litzatekeela, non erakusketa ibiltariez gain, gaineratuko bailirateke historia berrian ari direnak, esaterako Retegi, Ladutxe, Tolosa, Xala, Titin, Irujo, Goñi, Barriola, Berazaluze, Beroiz, Eulate, Olaizola... baita ere oraingoak, Urrutikoetxea, Elezkano, Ezkurdia, Irribarria, Altuna... bote azkarrean aipatuaz edo, zerrenda luzeagoa baita. Aurrekoa dela eta, agintarien babesarekin, museo batez pentsa liteke, lehen Laudion bertan ere Euskal Gastronomia Museoa izan zen antzera.

Gure-gurea, bakarra eta unibertsala den kirol hau, non pilotariak munduan zeharreko enbaxadoreak izan diren, beharko zuen bilketa eta historia aitorpen bat, berriki UNESCOk Red Bayko bale arrantzarako portua Gizateriaren Ondare izendatu duen antzera.

Urrutia ‘Totolo’ren lan handia eskertzeaz gain, eta bere adiskidantza, baita gainerako pilotazaleena ere, erakusketa bisitatzera gonbidatzen zaituztegu, urriaren 20a arte irekia egongo dena, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 11:00etatik a 13:30etara.

Aste on bat izan!!

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide