"Pilotari buruzko gauzak bildu nahi izan ditugu erakusketan", dio Agustin Pelaez Herriarenak taldeko kideak. 100 piezatik gora eskuratu dituzte erakusketa atontzeko. Bihar izango da bisitatzeko azken eguna.
Pilotaren ohiko iruditegia kolpatzen du erakusketak: 20ko hamarkadan, esaterako, baziren frontoian lehiatzen ziren emakumeak. Horren adierazle da "raketista" kubatarren argazkia: 30 andre baino gehiago ageri dira bertan, txapelketarako prest.
Pilota jaialdietako kartelek, argazkiek eta oroigarriek osatzen dute bilduma nagusiki. Ikus-entzunezko gunea ere atondu dute, baita frontoiko hainbat piloten erakusleihoa ere.
Aiaraldean ez da egon zestapuntako jokalarik. "Dena den, Jose Mari Urrutia Totolo omendu nahi izan dugu. Mexikon jaio zen, Ondarrutik Gernikara bizitzera joan bazen ere", adierazi dute antolatzaileek.