Bor-bor Aiaraldeko feminismo elkarteak ‘Bizi hiztegi soziala’ prestatu du Laudio eta Amurrioko EPA zentroekin elkarlanean. Helburua, kultura ezberdinetako bizilagunei euskara eta komunitatea gerturatzea da, egunerokotasunean erabiltzen diren esaldi bildumak hizkuntza anitzetara itzulita. Sarelanean gauzatu da proiektua: lehenbizi Bor-bor elkarteko kideek hainabat proposamen bildu zituzten, eta gero Laudio eta Amurrioko EPA zentroetako etorriberriek eurentzat garrantzitsuak diren kontzeptu zein informazioak jarri zituzten mahaigainean irakasleekin batera osatutako saio parte hartzaileen bidez. Modu horretan, elkarlan zein sarelanean ekoitzi da egitasmoa.
Eskuorriari dagokionez, A5 tamainan ekoitzi da gida, poltsan eramateko material gisa. Hala, hizkuntza eta kultura aniztasunari ekarpena egin nahi izan dio elkarteak; Aiaraldean jatorri anitzetako pertsonen elkarbizitza, saretzea eta ahalduntzea errazte aldera.
Gidaren baitan jaso dira, besteak beste, laguntza eskatzeko esaldiak; norbera eta ingurukoak aurkezteko esamoldeak; zenbakiak, urtaroak zein hilabeteak; herrietako tokiak; etxeetako espazio, tresneria edota elikagaiak; arropak…
Ildo beretik, Amurrioko zein Laudioko EPA zentroetan ere utziko dira zenbait ale, baita Artziniegako, Aiarako eta Okondoko udaletxeetan ere. Bertsio digitala hemen ikusi edo deskarga daiteke.
Bor-bor Aiaraldeko Feminismo elkarteak proiektuaren balorazio oso positiboa egin du. “Emaitzarekin baino bidearekin eta prozesuarekin geratzen gara. Egunerokotasunean kultura eta hizkuntza ugari ditugu gure inguruan; eta elkar harremantzeko baliabide zein espazio falta nabaria da. Euskarri honekin hizkuntza ezberdinetan komunikatzeko aurkezpen esamoldeak, kokapenerako esaldiak, osasun oharrak zein bizitzeko eta sozializatzeko ezagutu beharreko lengoaia erremintak eskaini nahi izan dizkiogu komunitateari. Eta, hizkuntza zein kultura aniztasunari aitortza egiteaz gain, euskara bihurtu dugu loturarako zubi: gidako hizkuntza nagusia eta konexiorako lengoaia euskara baita”. Egitasmoa garatzeko Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du elkarteak.