“Tailer biziak” ekimena sortu du Bor-bor feminismo elkarteak. Udazkenean zehar garatuko dute egitasmoa, urrian eta azaroan, zehazki. Guztira lau jarduera izango ditu 2024ko edizioak, eta partaideentzat doakoak izango dira Arabako Foru Aldundiaren berdintasun diru-laguntzari esker. Hain zuzen, urriaren 11n abiatuko dute zikloa Laudioko Faktorian, Aitziber Duarte @harr.ika sortzaileak gidatutako keramika tailerrarekin, 18:00etatik aurrera.
Gainontzeko saioak larunbatetan izango dira: urriaren 19an Artziniegako udaletxe zaharrean Oihane MG @marratikat artistak collage tailerra eskainiko du; urriaren 26an Estitxu Perez @sigi-saga -k istorio biziak egiteko tailerra dinamizatuko du; eta azaroaren 9an Aiarandreak batukada elkarteak danborrak astinduz gozatzeko saioa eskainiko du, Munduko Kulturak Aiaraldean topaketaren baitan.
Apuntatzeko online fitxa bete beharko dute interesdunek labur.eus/tailerbiziak2024 helbidean
Ekimenaren jatorria, sortzaileen azokan
Ekimenaren jatorria, Aiaraldeko emakume* sortzaileen azokan dago, antolatzaileek azaldu dutenez: “Hiru urte daramatzagu eskualdeko emakume sortzaileen azoka antolatzen, eta iazko balorazioan atera zen ideia; postuetako bat bizia zelako. Keramika egiten egon zen neska gazte bat, eta tailer biziak antolatzea ekarpen polita iruditu zitzaigun sortzaile eta artisau horien lana ikusgarritu eta bultzatzeko”. Modu horretan, azokako partaide guztiei galdetu zieten ea halako dinamika batean parte hartzeko prest egongo liratekeen, eta baietz erantzun zuten hainbatek. Hala, eskualdeko emakume sortzaileen lana aitortu, ikusgarritu eta babesteko planteatu dute egitasmoa, Bor-bor elkarteko kideek kontatu dutenez.
Informazio gehiago nahi izatekotan borborelkartea@gmail.com helbidera edota @borbor_elkartea Instagram kontura idatzi daiteke.