Kultura ezberdinetako emakumeak saretu eta ahalduntzea. Helburu hori izango dute “Kulturartekotasun kafeak”. Bor-bor Aiaraldeko feminismo elkarteak sortu du ekimena, kulturartekotasuna sustatu eta saretzea indartzeko. Modu horretan nahi dituzte espazio publikoetan emakume eta familia ezberdinetako harremanak indartu. Guztira 5 saio egongo dira, eta ondorengo herriak aukeratu dituzte dinamika garatzeko: Artziniega, Okondo, Amurrio, Luiaondo eta Laudio. ‘Kulturartekotasun familiak’ proiektua aurkezteko ere baliatuko dituzte zitak, aurreratu dutenez.
Ekintza guztiak 12:00etan izango dira. Okondokoa izango da lehenbiziko hitzordua, urriaren 12an (larunbata) eskola pareko parke estalian. Amurriok hartuko dio lekukoa hilaren 20an (igandea), San Anton plazan. Hala, te, kafe zein hamabitakoa medio, giro informalean elkar ezagutzea izango dute helburu. Urriaren 27an (igandea) Artziniegan errepikatuko da ekimena (frontoian); azaroaren 9an Laudion eta 17an (igandea) Luiaondoko pista estalian.
Ekimena doakoa eta irekia izango da, eta Aiaraldeko etorriberriekin lan egiten duten eragileekin elkarlanean zabalduko dira deialdiak. Egitasmoa gauzatzeko Arabako Foru Aldundiaren Kulturartekotasun dirulaguntza jaso du Bor-bor elkarteak.
Informazio gehiago nahi izanez gero, borborelkartea@gmail.com helbide elektronikora edo @borbor_elkartea instagram kontura idatzi daiteke.