Nolatan heldu zenion kulturgintza, feminismoa euskalgintzaren arteko loturak ikertzeko bideari?
Erabat bustitzen nauten urak dira hirurak. Akaso, niri interesatzen zitzaizkidan hiru puntuak hartu eta na hastea erabaki nuen. Soziologia ikasi niuen, eta subironatasunari buruzko masterra egin nuen gero. Akademia edo unibertsitate mundutik urrundu nintzen, baina sumatzen nuen ikertzeak balio zuela gauza batzuetarako, kulturgintza masan edo jendartean oso presente zegoela; eta, era berean, unibertsitatean apenas zuela lekurik. Kulturgintza ez zen aztertzen sozializazio bide bezala, ezta jendartearen ohiturak edo mugimendua baldintzatzen duen bezala.
Kultura hizkuntzatik ulertzen da; filologia edo literaturatik mundu akademikoan. Beste herrialde batzuetan kultura ikasketek tradizio angloxajoia izan dute, eta Euskal Herrian ez zegoen hainbeste garatuta hori. Dudarik gabe, nik kulturgintza euskal kulturatik ulertzen nuen, baina definizio horiek erabat irristakorrak izan dira urteetan (eta jarraitzen dute izaten), eta nik guzti hori ekarri nahi nuen paperera. Feminismoa izan da hirugarren erpina edo hanka. Nire hipotesia edo ustea zen, gaur egun euskaldun izateko modu berriak edo tangenteak datozela feminismo eta kulturgintzatik, eta hortik jo nahi nuen.
Kulturak eragin nabarmena du euskaldunen identitatean. Zer da euskal kultura zuretzat? Nolakoa nahi zenuke izatea? Zer dago bazter eta erdigunean? Nola ikusten duzu egungo egoera?
Feminismoak asko aldarrikatzen du ikertzailea ez dela kanpoko norbait, eta hori ere bazen garrantzitsua niretzat: bizitakoa teoriara eramatea, edo irakurketekin lotzea. Nik kulturzale eta ikertzaile identitatea ere badut, sortzailea ere banaiz, eta hortik tiraka egin nuen ikerketa. Gaur egun nola ikusten dudan? Gatibu taldearen bukaerarekin gertatu dena, Alex Sarduiren aferak, bete-betean jotzen du nire tesiarekin. Euskaraduna edo euskalduna izatea beti izan da eztabaida bat, eta nere hipotesietako bat izan da euskal kultura hizkuntzak asko definitu duela, eta hori ukatu gabe, feminismoa euskal kultura definitzeko edo irakurtzeko modua bihurtu dela.
"Euskal kultura hizkuntzak asko defnitu du, eta hori ukatu gabe, feminismoa euskal kultura definitzeko edo irakurtzeko modua bihurtu da"
Euskal kulturak euskaratik zenbat duen ere ikergai izan liteke. Ikuspegi feministatik, zer nolako bilakaera izan du ekosistema horrek?
Hizkuntzaren auzia interesgarria zait ere. Nik bertso mundua ezagutzen dut, eta akaso, eremu horretan hizkuntza ez da dilema edo eztabaida bat, baina kulturgintzaren esparruan hizkuntzak eta feminismoak nola nahasten diren aztertzea interesgarria da. Kultur diziplina ezberdinen arteko saretzeak bildu nahi izan ditut, plano berean jartzeko, berdindu nahi gabe. Diziplina ezberdinetan diskurtso aldaketak egon dira: euskaldun izatea zer den eztabaidatzen egon garen moduan, zer da feminista izatea? Epaitu nahi gabe hori interesgarria zitzaidan, kulturgileek feminismoa eta hizkuntza praktikara nola ekartzen duten ikustea.
Bertsolaritzak feminismotik ahalduntzeari bide eman dio, Ahalduntze Bertso Eskolaren bitartez. Guzti horrek, kulturgintzaren ekosistema eboluzionatu edo eraldatzen diharduela erakusten du, zure ustez?
Bai, bertsolaritzak feminismoaren bilakaeran ondorio handiak izan ditu kultura ikuspegitik. Bertsolaritzak baditu ezaugarri batzuk ezin direnak berdindu beste adierazpide batzuekin. Oier Araolazak esaten du dantza feminismotik eta hizkuntzatik irakurtzerakoan asko aldatu dela. Hizkuntza edo hitza erabiltzen ez duten diziplinekin zer gertatzen da hizkuntzaren auzian? Oier Araolazak zioen, dantza beste toki batean kokatu dela irakurketa feministei esker.
Zer ekarpen egin dio feminismoak kulturgintzari?
Kolektibitatea bilatzea. Kolektiboa soluzioa dela aldarrikatzen da diziplina ezberdinetan, eta esango nuke, hori dela feminismoaren egiteko modua. Aldaketa nabarienak diskurtsoan egon dira, baina diziplina bakoitzak bere egiteko modura eraman du: Ahalduntzen Bertso Eskola posible da bertsolaritzan, baina Arte Ederretan edo dantzan beste forma bat izango du.
Kolektibotasunari lotuta, euskal kulturgintza ere aktibo dago. Alex Sarduiren adierazpenen erantzuna da horren seinale…
Oso denbora gutxian erantzun kolektiboa eman zitzaion eraso matxista bati, eta hori oso deigarria izan da. Horrek esan nahi du saretzea badagoela, eta boteretzea ere. Ez litzateke posible izango bestela. Norbanako azpimarrak edo salaketak baino, kolektiboki erantzun zioten euskal musikari emakumeek. Gainera, izendatuak izan ziren…
Kulturgintza, euskalgintza, eta feminismoen eremuetatik, zeintzuk izan beharko liratezke heldu beharreko harimuturrak?
Tesi hasieran kultur politikekn azterketa feministari heldu nion. Iruditzen zitzaidan feminismoa diskurtso eta praktiketan indartsu zegoela, baina egiturako saltoa kostatzen zitzaigula. Nola eman jauzia? Kultur politiken egitura horretan Euskal Herrian badira aukerak. Bakoitzak duen boterea hor dago, eta oso zaila da egiturari erreparatzea Euskal Herria egituratzat hartuta. Egitura ez da instituzio, Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernua. Musikariek Alex Sarduiren harira adierazpena ateratzeko badago egituraketa bat, sarea deitu izan diogu orain arte, baina erantzunak eman eta bisibilizatzeko badira formak. Topaguneak, Ahalduntze Eskolak… Espazioak ere hor sartuko nituzke. Aiaraldea Ekintzen Faktoria da horietako beste espazio bat.
"Emakumeok orain dena duzue, ezin da ezer esan… Kantzelazioaren kulturak erantzun eta erreakzio asko ditu orain"
Tesia 2021ean egiten hasi nintzen, erreakzio baten atarian. Beti egon da “emakumeok orain dena duzue, ezin da ezer esan…”. Kantzelazioaren kulturak erantzun eta erreakzio asko ditu orain. Tesia orain gelditua dut, baina urte hau izugarria izan da alde horretatik.
Gaur egungo praktiketan, zein hutsune ikusten dituzu?
Kulturgintzak ez du inolako lekurik EHUn. Egindako ikerketak jendartetik oso urruti daude: asko hitz egiten da euskal kulturgintzaz, eztabaida oso interesgarriak daude, jendeak ulertu egin nahi ditu gauzak.. Kulturgintzak akademiaren beharra du, eta kulturgintza herriaren edo hezkuntzaren ardura aldetik ulertuta, bada hutsune bat hor. Bestetik, feminismoak, erreakzioen bilakera bizi du, eta Euskal Herrian onerako edo txarrerako (gertu gaude elkarrengandik, nahiz eta gutxi izan), diziplinetan nabarituko da. Emakumeon funtzioa kulturgintzan asko azpimarratzen da gaur egun, baina zergatik da, emakumeek lortu dutelako, edo gizonek “kulturgintza edo boterea” utzi dutelako? Bilakaera azpimarratzekoa den arren, emakumeok eta feminismoak hartzen dugun lekua oraindik ere bigarren edo hirugarren mailan dagoela iruditzen zait.
"Bilakaera azpimarratzekoa den arren, emakumeok eta feminismoak hartzen dugun lekua oraindik ere bigarren edo hirugarren mailan dagoela iruditzen zait"
Euskarari zein tarte eskaintzen dioten sortzaile berriek ere aztertzekoa da. Harrituta edo larrituta bizi duzu hori? Nola ikusten duzu egungo eszena?
Adierazpen edo anekdota asko daude hor: euskaraz edo erderaz sonoritateagatik bat edo beste aukeratzea… Jendeak ez du ikusten hautuaren politioktasuna. Hala ere, nik belaunaldi berriengan esperantza edo poza ikusten dut: kultura ulertzeko beste modu bat daude esperimentatzen, feminismoak moduan. Feminismoak goi eta behe botereak asko aldatu ditu, eta kulturan oso presente egon izan da hori ere. Iruditzen zait, belaunaldi berriengan goi kulturarik apenas dagoela, baina hortik ere badutela kultura beste era batera itsusteko lasaitasun gehiago.
Edurne Azkarate aktoreak Donostiko zinemaldian hizkuntza politiken beharra azpimarratu zuen.
Bai. Edurne Azkaratek, gainera, nondik hitz egiten duen ere interesgarria da, zein gorputzetatik, lekutik (Arabar errioxatik)... Dudarik gabe, ertzeko izanda ere, botere bat izanda egin zituen adierazpenak: mikrofonoa zuen. Feminismoak ere bere hierarkiak ditu, boterea du, alde guztietan dagoen bezala.
Feminismoak goi eta behe botereak asko aldatu ditu, eta kulturan oso presente egon izan da hori ere
Etorkizunari begira, zein mezu nahiko zenieke luzatu euskal sortzaileei?
Orokorrean, jendarteari, kultura gehiago opa diot, eta gutxiago ere bai. Geroz eta su-artifizial ez zaleagoa naiz. Niri kulturgintzak eman dit identitate osoa, bere min eta miseri guztiekin on egiten dit. Ez norbanako gisa bakarrik, kolektiboki eta herri bezala baizik: feminismotik, ekologismotik… Zentzu guztietan. Nik opa dudan kultura publikoagoa eta zeharkakoagoa da. Diskurtsotan asko asmatzen ari gara hortik: euskal kulturak psikologoak bezainbeste balio du: osasun mentalerako, ume inteligenteak sortzeko, antzerki taldeak osasungarriak eta jasangarriak dira….. Kultura batzuetan zerbait purua da, baina beste aterabideak ere azpimarratu behar ditugu.
Euskalgintza edo euskarari lotutako kulturak espazio gehiago behar ditu?
Bai. Kupoena bada nire kezketako bat. Tesian galdetu egin nituen genero kupoena, gorputzena, sentsazioena, inpostore sindromena, espazioena… Faktoria aztergarria da beste 4 tesietarako. Faktoria, Katakrak… Zergatik edo zertarako balio du Tabakalerak? Nondik egin dira espazioak? Euskalgintzak eta feminismoak zein irakurketa du espazioekiko? Elkartzeko tokiak badira: Durangoko Azoka balio digulako existitu da. Gaur egun kulturak eta feminismoak asko euskalduntzen du.