Hainbat kulturetako kideen beharrak entzun, eta ahal dela elkarrekintzaren bidez erantzuteko egitasmoa sortu du Bor-bor Aiaraldeko Feminismo Elkarteak. 2024ko kulturartekotasun proiektuaren baitan kokatzen da ekimena, eta parte hartze prozesu baten ondorio da planteamendua, azaldu dutenez. Hain zuzen, neguan Amurrio eta Laudioko EPA zentroetako etorriberriekin “sentsazioen sareak” deituriko dinamika egin zuten, eta bertatik atera dituzte 2024ko kulturartekotasun proiektuak: “Kulturartekotasun kafeak”, “Munduko Kulturak Aiaraldean jaia” eta “kulturartekotasun familiak”.
Funtsean, ekimena sinplea da: “Kultura ezberdinetako norbanako zein familien beharrei erantzuteko sareak dira, komunitate beharrei komunitatetik erantzuteko”. Adibideen artean jarri dituzte ondorengo egoera edo kasu errealak: "eskolako bilerak ulertzeko hizkuntza laguntzailea behar dut"; edo "ospitalera joateko kotxez laguntzea beharko nuke, umeak jasotzera iritsi ahal izateko"; edo "euskaraz eskolako lanetan laguntzeko norbaiten bila nabil"...
Nola hartu parte?
Laguntza eskatu nahi duenak 688 625 900 zenbakira deitu edo mezua bidali behar du: “zure datuak modu pribatuan jaso eta datu base batean sartuko ditugu: jatorria, hizkuntza edo garraioan laguntzeko gaitasuna, herria…eta laguntza eskaini nahi duenak ere bai. Bor bor elkartetik zurekin harremanetan jarriko gara, laguntza jaso edo eman nahi baduzu; beharra dagoenean mezu bat jasoko duzu, eta laguntzeko prest bazaude pertsona horrekin jarriko zaitugu kontaktuan, zuen artean moldatzeko”.
Ekimenaren sozializaziorako spota eta flyerrak ekoitzi ditu Bor-Bor Aiaraldeko Feminismo Elkarteak, Arabako Foru Aldundiaren kulturartekotasun dirulaguntza deialdiari esker.