Hala, euskara eta beste 7 hizkuntzetan saretu eta elkar laguntzeko beharrezkoak diren esaldi bilduma jaso eta jendarteratu du Bor-borrek, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Guztira, 400 poltsiko hiztegi banatu dira bailaran barrena, kartoizko euskarrietan topatuko dituzuenak Urduña, Orozko, Amurrio, Aiara, Okondo, Laudio, Areta, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zolloko espazio eta kulturgune publikoetan.
Horrez gain, bi panel erraldoi sortu eta kokatu ditugu Laudio eta Amurrioko EPA zentroetan. Egitasmoaren helburua euskararen mundua beste kultura eta hizkuntza batzuetara gerturatzea da, baita eskualdean bizi diren herritarren arteko harreman eta elkarrekintzetan euskara txertatzea ere. Bor-bor Aiaraldeko feminismo elkartea irabazi asmorik gabeko eragilea da, feminismotik euskaraz saretu eta ahalduntzea helburu duena. “Oso polita izan zen bizi hiztegi soziala sortzeko prozesua”, oroitu dute, “emakume etorriberriekin elkartu, eta egunerokoan bizitzeko behar zituzten/ditugun hiztegi eta esamoldeak galdetu geniezkien, elkarren artean osatu dugu proiektu osoa”. Gauzak hala, norbere burua eta ingurua aurkezteko esamoldeak, tokiak, janariak, osasunari buruzko esaldiak, etxe tresnak, arropak eta abar bildu dituzte argitalpenean. Digitalki ikusgai dago labur.eus/bizihiztegisoziala helbidean.
Ekimen honen bidez Bor-bor elkarteak bultzada eman nahi izan dio Euskaraldiari. Era berean, nahi duen eragile edo espazio ororen eskura jarri dute “Hizkuntzen saski erraldoia”, hau da, bi metro inguruko panela. Esaterako, maiatzaren 16tik 30era Aiaraldea Ekintzen Faktorian egongo da ikusgai, hizkuntza aniztasunari euskaraz ekiteko xedearekin.