"Kulturartekotasun txangoak" sortu ditu Bor-bor Aiaraldeko feminismo elkarteak, emakume etorriberriak saretu eta ahalduntzeko. Hain zuzen, eskualdeko toki geografiko "polit edo estrategikoak" gerturatu nahi izan dizkiete horrela, autobus bidaia batekin ibilaldi formatua baliatuta.
Horretarako, goiz osoko ekintza diseinatu dute, azaldu dutenez. 10:00etan aterako da autobusa Laudioko EPA eskolatik, eta Amurrioko helduen ikastetxean egingo du geldialdia, bertako etorriberriak jaso eta proiektuari ekiteko. Formatua sinplea da, euren hitzetan: goizeko irteerak izango dira, inguruko paisai edo toki esanguratsuak erakutsiz, tokiko ekoizle edo sortzaile baten bisita ere barne hartuko dutenak.
"Estrategikoki kokatu dugu egitasmoa ikasturte amaieran eta hasieran: maiatzean eta urrian egingo ditugu txangoak, Aiaraldea harrera-herri edo eskualde nozbait bilakatzeko pauso gisa"
Lehenbiziko saioa maiatzaren 29an izango da, ostegun goizean, eta Maroño izango dute geldialdi nagusi. Aurreratu dutenez, Arespalditzara ere joango dira, Soloitzako gaztandegia bisitatzera eta euren lana ezagutu zein dastatzera.
Horrez gain, 'Munduko emakume* erreferenteak' dinamika ere gauzatuko dute. "Estrategikoki kokatu dugu egitasmoa ikasturte amaieran eta hasieran: maiatzean eta urrian egingo ditugu txangoak, Aiaraldea harrera-herri edo eskualde nozbait bilakatzeko pauso gisa", zehaztu dute.
Izan ere, sustatzaileen esanetan, asko dira urte amaieran eskualdea utziko duten emakumeak, edota irailetik aurrera migrazioa medio eskualdeari kaixo edo agur esan beharko diotenak. "Feminismotik eta euskaratik beso zabalik hartu nahi ditugu guzti horiek, esperientzia polit batekin gure komunitate eta lurren parte izatea ahal den heinean erraztuz".
Ekintza doakoa izango da partaideentzat, Arabako Foru Aldundiaren eta Laia Eskolaren babesarekin antolatu baitute.