Aiaraldea ezagutaraztea eta eskualdea gerturatzea ditu helburu, besteak beste, "kulturartekotasun txangoak" proiektuak. Maiatzean egin zuten aurreneko ibilaldia, Aiara udalerriko bazterretan murgildu zirelarik 60tik gora etorriberri.
Lehen saioan Maroño eta Arespalditzan egon ziren, Soloitza gaztandegiko emakumeen lana ikusi eta paisaiak dastatzen. Bigarren txangoan, berriz, Orozko eta okindegia izan ziren protagonista.
Hala, Amurriotik abiatu zen autobusa goizean goiz, eta Laudioko EPAn geldialdia egin ondoren, Orozkoko Aida Iza Fuentes okinaren obradorean pausatu ziren bertaratutako 55-60 kideak. Hala, bi taldetan banatu zuten taldea, batzuk okindegia ezagutu bitartean besteek Orozko herria ikusteko. Kultura eta herrialde gehienek komunean duten elementua da ogia, eta horri tiraka aritu ziren kulturartekotasun ekimena sustatzen. Ogi tailerra burutu ez ezik, dastaketa txiki baterako tartea ere eduki zuten.
Ekimena Arabako Foru Aldundiaren eta Laia Eskolaren laguntzari esker garatu du Bor-bor feminismo elkarteak, Aiaraldeko EPA zentroekin elkarlanean.