Nondik datorkizu marraztearekiko lotura?
Betidanik gustuko izan dut marraztea. 18 urterekin aukeratu nuen Arte Ederrak egitea, eta ikasten nabaritu nuen berriz ere asko disfrutatu nuela marrazten, Azkenean, oso era naturalean geratu nintzen marrazkiarekin, eta gero ilustrazioarekin.
Ilustratzaile izatea bilatutako zerbait izan da?
Ilustratzailea izatea ez nuen aukeratu, baina bidea oso naturala izan zen: azkenean marrazki horiek koloreztatzen hasi nintzenean, berez ilustrazioa zen. Nire marrazkia komikitik dator, beraz, oso marrazki ulergarria da mundu guztiarentzat. Nik uste dut horregatik sartu nintzela ilustrazioaren munduan.
Zer da zuretzat marraztea?
Oso babesleku handia da nik betidanik garatu izan dudan praktika bat denez oso eroso sentitzen naiz marrazten. Batzuetan ezeroso baita, konponbideak eta egonkortasuna bilatzen marrazkiaren bitartez. Oso insteresgarria da niretzako bide hori ere, nire burua ezagutzen dudalako bertan. Eta azkenean meditazio moduko gauza bat da, ez? Alde txarra da hori ogibidea bihurtu dudala, eta batzuetan meditazio hori ez da posible bizi garen munduak ez duelako uzten denborarekin marraztea. Normalean bezeroek epe laburrean nahi izaten ditzute lanak, baina beti saiatzen naiz denbora bilatzen eta dena gogoz egiten.
Eroso eta airoso ikusten zaizu alor profesionalean.
Niretzako erosoa da, bai. Erosotasun honek poztasunarekin harremana dauka, oso pozik nago jende ezberdinekin lan egiteko aukera dudalako, eta enkargu oso ezberdinak jasotzen ditudalako.
Zer motatako enkarguak dituzu ba?
Ba ilustrazioarekin harremanak dituen enkarguak, baina baita ere komiki arloan edo posterrak. Jendeak idazten didan bakoitzean zerbait eskatzeko, erosoa zait, eta oso pozik sentitzen naiz. Praktikan nagoenean deseroso ere batzuetan, pentsatzea “jo marrazki honek ez du ezertarako balio, zein itsusia, txarra eta abar den…”. Baina, beno, bat-batean horretan zabiltzanean begiratzen duzu berriz, eta esaten duzu: “ez da hain txarra eta honek konpobidea dauka aurpegi bat jartzen badut”. Horrela bilatzen dut erosotasun eta deserosotasuna. Egiten ditudan lan guztiak marrazketatik abiatzen dira. Kartelak dira asko, prentsarako ilustrazioak, komikiak, muralak… Horiek dira nagusienak.
Estilo propioak, gorputz aniztasunak eta kolore biziek ezaugarritzen zaituzte, lehen kolpean.
Pertsonak marraztu egin behar ditudanean -edo aurpegiak- beti saiatzen naiz aniztasuna marrazten. Hautu kontzientea da, beti interesatu zaizkidalako arrarotasun horiek. Azkenean arrunta dena denok ezagutzen dugu. Gainera, gaur egun interneten arruntasunez baliatuta gaude, iragarkietan, sare-sozialetan… Beraz, niri interesatzen zait fantasia pixka bat sartzea pertsonengan. Ni ez naiz inor inori esateko zer egin behar duen ala zer ez, baina nire ahots propioa aprobetxatuz niretzako inportanteak diren gauzak dira marrazkian aniztasuna, arrarotasuna, fantasia…
Sare sozialetan gorakada handia izan dute ilustrazioek. Instagra da erreferente berria?
Orain ni fijatzen naiz, bai. Marrazkiek ere, eta ilustrazioek… Denak iturri berdinak edaten dute, normalean instagram konkretutik. Orduan, erreferentea instagram ez bada hobeto. Esaterako, atzo liburuetan egon nintzen arrarotasunak bilatzen, eta aurkitu nuen liburu bat deitzen zela “Puertas y decoraciones de Navarra”. Bertan ate super politak ikusi n ituen, ez hornamendu oso bereziekin… Eta hori lagungarria izan zen niretzako lan bat aurrera eramateko… Hori bada balio inportante bat niretzat, lasaitasuna ekartzea; baina gure inguruan dauden gauzei begiratzea baita.
Zure kasuan, non bilatzen duzu inspirazioa?
Gauzak beti ez dira batere errazak, beno, inspirazioa kontu handi bat da. Inspirazio potenteena nire herria da, Zuhatza. Hemen pasa dut bizitza guztia, eta memoriak ere egiten duen jokua gustatzen zait. Eszenatoki berean gauza asko pasatzen dira. Nire familian bizi diren generazio asko egon gara hemen, eta iruditegi hori oso aberatsa da niretzako, ez dakit zergatik.
Presio asko izaten dudanean enkargua potentea delako da, gauzak ondo egin nahi ditudalako, gainera gero eta hobeto egin nahi ditudalako, eta hori batzutan posiblea da eta besteetan ez, baina ni beti saiatzen naiz hobetzen.
Tokikotasunak balio handia du zugan, hortaz.
Zuek zeozer eskatzen didazuenean ilusio handiz hartzen dut, edo amurrioko batek kartel bat eskatzen baldin badit ere. Gauza horiek inportanteak dira: noski, atzerriko batek eskatzen baldin badit ilusioz hartzen dut, baina azkenean etxekoekin lan egitea niretzako da beti hoberena.
Zein da betetzeke duzun fantasia oraindik?
Marrazki bizidunak egiten duen produktora erraldoi batekin lan egitea, Adult Swim deitzen dena. Rick Morty egiten dute, eta holako marrazkiak…. Oso potenteak dira niretzat, zoroak, eta gustatuko litzaidake nozbait beraiekin lan egitea, hori da nire fantasiarik handiena.
Adimen artifiziala aukera edo mehatxu gisa bizi duzu?
Niretzako Adimen Artifiziala gure esparruan ez da aukera bat, gure kontran doalako. Azken finean, gu egunero ari gara mounstruo hori elikatzen, gure marrazkiak interneten daudelako, gure aurpegi eta petnsamenduak…. Orduan zelan frenatu dezakegu hori? Ez dakit, nik uste dut ura leporaino daukagula, eta berriz ere ba gure artean bilatu egin behar dugula babeslekua. Betiko kontua: ez jo internetera azkar batean, joan zaitez komertzio txiki edo herriko dendetara. Guzti hori badakigu, baina berdina aplikatu behar dugu esparru kreatiboan: ilustrazio bat nahi baduzu egin lana berarekin, argazkigintzan baita, bideogintzan baita berdina. Pertsonak prtofesionalak gara, eta makinak momentuz ez.
Ilustratzaileen sarerik bada Euskal Herrian?
Euskal Irudiegileen elkartea daukagu, egoitza Bilbon dauka eta oso interesgarria da ilustratzaileontzako bertan egotea. Gure ogibidea arraroa da, ez gaude asko, ez da asko ezagutzen. Orain adibidez Abenduan presentzia izango dugu Durangoko azokan, eta tailer eta aktibitate asko landuko ditugu ilustrazioaren munduan. Hori da azkenean egin behar duguna, gure lana zabaltzea.