Abenduaren 20an topaketa antolatu du Bor-bor elkarteak, “Feminismoa Aiaraldean bor-bor” lemapean. Goizeko saioa izango da, utopia tailerra deiturikoa barne. Azaldu dutenez, helburua 2018tik gaur arte eskualdean feminismoak izandako bilakaera aztertzea izango da, eta etorkizunari begirako beharrak eta idealak mahaigaineratzea. Modu horretan nahi dute datozen urteetarako bideorria edota norabidea
zehaztea.
Ekimena irekia eta doakoa da, eta itzulpengintza zerbitzua eskainiko da. Era berean, zaintza zerbitzua behar dutenentzat gune berezia atonduko dute Faktorian. Izan ere, bertan egingo da jardunaldia, barruko aretoan. Aurreratu dutenez, erakusketa bat ere ari dira prestatzen argazki bidez eginiko ibilibdea oroitu, aitortu eta ikusgarritzeko, “denboraren tunela” izendatu dutena.
11:00etan egingo dute harrera, eta “denboraren tunela” zeharkatuko dute aipatutako erakusketa bisitatuta. 11:30ean, berriz, “Nola heldu gara honaino?” solasaldiari bide emango diote, 12:30ean “Utopia tailerra” osatzeko.
Topaketara eskualdeko norbanako eta eragile feministei zuzenduta dago, emakume eta genero disidenteei. “Gainera, etortzen direnek Aiaraldeko genealogia feministak posterra (eskualdeko mugimendu feministaren historiaren lamina, Raisa Alava ilustratzaileak marraztua) eta oroigarri polit bat eramango dute bueltan, feminista ezberdinekin partekatutako ikuspegi eta bizipenekin batera”.
Antolaketa lanak errazteko, apuntatzeko deia luzatu dute: https://labur.eus/BBtopaketa2025 estekaren bidez.
Ekimena Arabako Foru Aldundiaren euskaraz sozializatzeko programen babesarekin antolatu da, eta Faktoriako feminismo ildoarekin elkarlanean.