Zer nolako bilakaera izan du feminismoak bailaran, azken 10 urteetan? Zein faktorek eragin dute bilakaeran? Zein jarduera mota izan dira nagusi? Zein gabezia eta erronka ditu bailarak, datozen 5-10 urteetarako? Mintzodromoa izeneko ekimena antolatu du Bor-bor Aiaraldeko feminismo elkarteak, feminismoaren orainaz eta geroaz mintzatzeko. Ekintzaren helburua, emakume anitzen ikuspegi eta gogoetak biltzea da, egungo azterketa herrika josi eta eskualdeko erradiografia osatzeko. Horrenbestez, bi fase edukiko ditu ekimenak: entzuketa fasea, eta etorkizuneko estrategiak zehazteko saioa.
Lehen txanpa Aiaraldeko 4 herritan gauzatuko dute:
- Urriaren 1ean Aiarako emakumeen gelan
- Urriaren 7an Okondoko Kultura Etxean
- Urriaren 22an Amurrioko Villa Fe eraikinean
- eta azaroaren 2an Artziniegako Kultura Etxean.
Azaroaren 29an, berriz, Laudion kokatutako Faktorian osatuko dute etorkizuneko estrategiak zehazteko topaketa. Aurreratu dutenez, herriz herri bildutako errealitateak eta faktoreak partekatuko dituzte bertan, eta guztien artean osatuko dute epe labur zein ertainerako estrategia.
Bor-bor elkarteak oso garrantzitsutzat jo du planteatutako ariketa, izan ere, bertako ondorioek markatuko dute datozen urteetan jarraitu beharreko entitatearen bide-orria. Hargatik, emakume zein genero disidente orori dei egin diote tokian tokiko saioetan parte hartzera, euskaratik ahalduntzen eta saretzen jarraitzea xede.
Saio guztiak 18:00etan izango dira (doan), azaroaren 29ko topaketa salbu, 12:00etan hasiko baita. Saioan zehar, Bor-borren ibilbidearen erakusketa ikusteko aukera egongo da. Egitasmoa Arabako Foru Aldundiaren eta Laudioko Udalaren babesari esker gauzatuko da.
View this post on Instagram