Bukatutzat eman du Bor-Bor Aiaraldeko feminismo elkarteak 2026ko Kulturartekotasun txangoak egitasmoa. Iaz sortu zuten proiektua eskualdeko etorriberriak saretu eta inguruko tokiak ezagutarazteko ekimen gisa, eta urtean bi ibilaldi antolatu dituzte helburu horrekin.
Maiatzaren 28an egin zuten lehenbizikoa, Artziniegara joan zirelarik. Oraingoan, eskualdeko hiria ikustera hurbildu ziren; Urduñara hain zuzen.
Bi autobus, hiru herritatik
Bor-bor elkarteko kideek azpimarratu dutenez, aniztu egin da eragin eremua: "Orain arte, Amurrio eta Laudioko EPA zentroetako migratuek parte hartzen zuten ekimenean eta orain, Artziniegan taldea atera denez, beste herri batekoak ere batu dira. Kulturartekotasun aldetik, beraz, areagotuta eta indartuta osatu dugu urteko bigarren eta azken txangoa".
Hala, 9:45ean abiatu ziren lehenbizko partaideak Artziniegatik, eta Amurrion geldialdia burutu ondoren ailegatu ziren Urduñara. Laudiotik, berriz, 10:00etan atera zen autobusa. Modu horretan, 10:30ean elkartu ziren Gernika plazan, bertan Lina Jimenez Numpaque kolonbiarra zain zutelarik.
50 lagunetik gora izan ziren udalerria eta Urduña Museoa ikusi zutenak, goiz osoko egitarauaren barruan. Izan ere, bi multzotan banatu zituzten lagunak Bor-borreko kideek, eta batzuk museoa bisitatu bitartean, besteak hiriko historia eta gune esanguratsuenak zeharkatu zituzten.
Ekimenaren bideokronika Bor-borreko Instagram kontuan zein Youtube kanalean ikus daiteke:
Ver esta publicación en Instagram
Egitasmoa Arabako Foru Aldundiaren kulturartekotasun dirulaguntzari esker garatu da, eta Aiaraldeko EPA zentroetako elkarlana ere goraipatu nahi izan dute antolatzaileek.