Harreman sozialak eta pertsonalak asko mugatu ditu Aiaraldeko emakumeen* %88.23ak. Adin orotariko herritarren esperientziak eta gogoetak jaso ditu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako feminismo ildoak. Online bidez sustatu zuten galdetegia, eta ia 120 pertsonek hartu dute dinamikan parte. 2020ko martxoan hasi zen konfinamendu garaia, etxealdiarekin; eta urtebeteko ibilbideak utzitako marka aztertu dute Faktoriako kideek. Norberaren bizitza pribatua goitik behera baldintzatu du koronabirusak eragindako pandemiak, aitortu dutenez.
Ertz ugari
Ikasketak, lan bizitza, harreman sentimentalak, sexu erlazioak, zaintza lana, enplegua, indarkeria matxista… nabarmen baldintzatu dituzte ezarritako muga sozialek. Horiek, emozioetan eta buru osasunean ere izan dute isla, ikerketaren ondorioek azaleratu dutenez.
Zaintzaren problematika erdigunean jarri zuen duela urtebete koronabirusak. Izan ere, telelana eta enpleguarekin uztartu behar izan ziren zenbait astez, eta edadetuen zein haur edota nerabeen zaintza areagotu egin zen hilabete horietan. Ez, ordea, zaintza zein ikasketetarako laguntzak. “Emozionalki eta ekonomikoki familia laguntzeko eta orekatzeko areagotu egin da nire lana”, dio partaide batek. Etxeko “zaintza intentsuagoa” izan da minbizia bezalako gaixotasunen kasuetan, erantsi dutenez. Estresa azpimarratzen dute beste zenbaitek.
Galdetegia erantzun dutenen %93.3, 18-50 urte bitartekoa da; eta ondorioz, nerabeen eta edadetuen inpaktua ezin izan da neurtu. Dena den, enplegudunek, soldata gabeek, ikasleek, pentsionistek eta etxeko langileek eman dituzte euren iritzi edo pertzepzioak.
Bizitza soziala txikitu du %98.31k, eta lagunekin denbora gutxiago igarotzen du orain %94.11k
Bizi ohiturak, hankaz gora
Bizi ohiturak hankaz gora jarri ditu, hein batean koronabirusak. Bizitza soziala txikitu du %98.31k, eta lagunekin denbora gutxiago igarotzen du orain %94.11k; aisialdi plan gutxiago egiten dira horrenbestez.
Jarduera publikoetan emakumeen presentzia ere, hankamotzago geratu da: %79.83k dio bilera, tailer edo ekintza publikoetan pandemiaren aurretik baino gutxiago hartzen duela parte. “Etxean lehen baino denbora gehiago ematen dut”, “Harreman sozialak eta kale jarduera erabat murriztu ditut”, diote besteak beste. “Bizitza sozialaren askatasun faltak apurka-apurka ito egiten gaitu”, adierazi du beste kide batek, “sozialki asko mugatu gaituzte (noiz, norekin, zenbatekin, noraino, noiz arte…”.
Dena den, onurak ere badira: norbere buruari denbora gehiago eskaintzen dio orain %66.38k. Ahalduntzean ere utzi du arrastoa hamarkada hasiera kolokan jarri duen birusak: %69.74ren arabera pertsonalki eragina izan du pandemiak, eta %77.31ren iritziz ahalduntze kolektiboan ere utzi du marka. Kontsumo joerei erreparatuta, berriz, internet bidezko erosketak hautatu dituzte %46.21ek osasun krisian zehar. Alabaina, %66.28k tokiko ekoizle edo saltokietan erostea erabaki du.
Lan bizitza
Bizitzeko lan egitetik, lanerako bizitzera igaro dira beste asko. Izan ere, etxealdian norbere espazioan jardun beharrak, deskonexio eza areagotu du; lanbide batzuetan bereziki: irakasleak, etxeko langileak, edadetuen zaintzaileak, medikuak, erizainak, fisioterapeutak… Datuei erreparatuta, baina, lanaldia edo enplegua asko aldatu zaiela dio %46.21ak, gutxi %24.39ak eta ezer ez %35.51k. Ikasketen kasuan, prestakuntza moduak asko aldatu dira %42.85aren ustetan; eta horrek ere egoera berrietara egokitu beharra ekarri du.ERTEak, lanaldi murrizketak, kaleratzeak… orotariko moldaketak jasan izan ditu bailarak urtebeteko tartean. Horren adierazle da hirutik batek (%31.09k) soldata edota lanaldi murrizketen ondorioz bestelako neurriak hartu beharra.
Hirutik batek (%31.09k) soldata edota lanaldi murrizketen ondorioz bestelako neurriak hartu
Emozioak ere gainezka
Gainezka egin du bizi, jendarte eta osasun sistemak. “Iruditzen zait bai ni eta baita inguruko jendea ere gaindituta gaudela”, aipatzen du eskualdeko emakume* batek. Amorruak kolpatu du askotan beste elkarrizketatuetako bat: “Amorrua ezer baino gehiago sentitu dut, inpotentzia. Dena mugatzeak nire egunerokotasun emozionalean eta umorean eragina izan du”. Tristura ere sentitu dute batek baino gehiagok, “kaleko giroak ere gero eta gogo gutxiago ematen dit”.
Baina, beldurrez bizi al gara? %38.89 noizbehinka egon da ikarak jota, eta %14.44 askotan (Alegia, %53.33 bai). Kontrara, %10 da izurik gabe ibili den elkarrizketatu kopurua, %36.67k gutxitan bada ere, sentipen hori baieztatu baitute.
Bakardadea izan da medioetan zein kale elkarrizketetan sarritan mahaigaineratu izan den beste gaietako bat. Aiaraldeko datuei helduz, %71.43k adierazi du bakardadeak askotan (%29.67) edo batzuetan (%41.76) hondoratu izana. “Bakardadea eta tristura sekulakoak izaten ari dira, partekatzeko espazio gutxi eta mugatua dagoelako”. Bakarrik bizi direnek emozionalki oso gogorra izan dela igarotako bolada diote: “Oso gogorra izan da hainbeste denbora bakarrik egotea. Inork ez ditu behar psikologikoak kontuan izan”. Hala ere, bada alde positiboa aurkitu duenik; “bidaia berezi bat izan da oso, sormenduna”.
Askatasuna -edo libertate eza- ere sentsazio orokorra izan da, azterketaren emaitzak pilatzean: %37.25ak ez du inoiz sentitu, eta %45.10ak gutxitan. Aldiz, askotan %4.90 sentitu da libre, eta batzuetan %12.75. “Oso zaila da aurrera jarraitzea askatasunik gabe. Hilabeteak pasa ahala nahiko gogorra egin zait, sentimendu eta emozio positiboak joaten hasi dira, eta gauza negatiboak baino ez ditut buruan”.
Ingurukoen babesari dagokionean, %81.11k sentitu du gertukoen bultzada noizbehinka (%43.33) eta askotan (%37.78). Dena den, laguntza eskatzeko lotsa aitortu dute %31k; herenak hain zuzen. Autokritikaz gain, “auzokritika” ere egin dute ikertuek, eta instituzioen babesa edo laguntza ez dutela jaso ohartarazi dute; %91.07 izan da hain zuzen “utzikeria” plazaratu duena. Era berean, Mugimendu Feministaren babesa edo laguntza ez zaie iritsi %64.83ri, %35ak (%30.77k batzuetan eta %4.40k askotan) indarra metatu duen bitartean. Antsietateaz mintzo denik ere bada: “Gora egin dit, eta errepresioak beldurra sortzen dit. Alternatiba eredurik ez dagoela sentitu dut, diskurtso bakarra entzuten baita”.
Sexu harremanak
Sexu edo harreman sentimentaletan eraginik izan al du? Baietz diote %62,6k, eta ezetz, berriz, %37.4k. “Galdera nire buruari egitea ondo etorri zait”, dio bat edo bestek. “Asko gutxitu zait sexua, gogo gutxiago dut”.
Intimitate falta nabarmendu dute zenbaitek.
Sexu edo harreman sentimentaletan eraginik izan al du? Baietz diote %62,6k, eta ezetz, berriz, %37.4k
Dena den, egoera emozionalak plazera eta desira zipriztindu dituela ondoriozta daiteke; ezbairik gabe: “Harreman afektiboetan eragina izan du, batez ere, emozionalki egoera gogorra delako. Ezin dugu planik egin, ia ez dugu aisialdirik gure harremanak etxekoon artera mugatu dira, eta burua freskatzeko ez dago aukerarik”. Distantzia izan dute arazo beste zenbaitek, “zure bikotea herri berean ez bada bizi, hilabete hauek oso gogorrak izan dira”.
Askatasun ezak, nolabait, buru osasunean ondoeza eragin du: “Nire bikoteak nik baino askoz txarrago darama askatasun falta eta gaixotu egin da; depresio batean dago, eta horrek eragin digu”.
Harremantzeko moduak
Zenbatetan eta zein motatako ekintzetan erlazionatu zara zure ingurukoekin? Galdera horretatik abiatuta, ondorio esanguratsuak atera dira azterlanean, zentzu horretan ere.
Esaterako, aisialdi planetan %17.11 ez da inoiz harremandu, eta %47.37 oso gutxitan. Pote bat hartzera, berriz, %54.87 apenas atera da (%13.41 inoiz ez, eta %41.46 oso gutxitan). Erosketak egiteko tartea aprobetxatu dute hainbatek (%52.28) sozializatzeko. Ikastaro edo tailerrak izan dira beherakada handiena jasan duten eremuak, %46.32k uko egin baitio parte hartzeari, eta %45.26 oso gutxitan bertaratu baita jarduera horietara. Alta, bideo-deiak gailendu dira komunikazio eta erlazio moduetan dudarik gabe: %37.93k askotan egin ditu, %34.48k batzuetan, %19.54k oso gutxitan eta %8.05ak inoiz ez.Bilerak egiteko ere egokitu dira lan tresnak, bideo bilerak edo batzar telematikoak gure eguneroko bizitzetan ohiko bihurtu direlarik.
Dena den, hariaren bi muturrak daude presente: batzuek (%66.66) maiz izan dituzte pantaila arteko bilerak, baina %33.42k oso gutxitan edo inoiz ez.
Kirola eta kultura
Kirola praktikatzeko edota kultura ekoitzi edo kontsumitzeko joera handitu al da? Inkesten arabera, ez du ematen: Aiaraldeko emakumeen* “%32.91k ez du pandemia garaian ariketa fisikorik egin, eta %31.65ek oso gutxitan (%18.99k batzuetan, eta %16.46k askotan).
Eta kultura? Ekitaldien jarraipena nolakoa izan da? Bada, %80.22rentzat oso eskasa (%49.02k ez du behin ere jarduerarik jarraitu, eta %40.20k oso gutxitan).
13 hilabetez luzatu da Alarma egoera euskal lurraldean ere. Denboraldi horretan, behar berriak agertu dira. 10 Horien artean nabarmendu dituzte azterkariek lagunekin egotea (%90.8), familiarekin elkartzea (%75.6), festa edo parranda premia (%70.6), internet edo sare sozialekiko menpekotasuna murriztea (Whatsappa, Netflix, Instagram eta abar, %65.5), espazio propioaren beharra (%52.90), autonomia beharra (%45.4), ahalduntze teknologikoa (internet edo telefono aplikazioak maneiatzeko laguntza, %25.2), kotxea edo garraio beharra (%16.8), edota enpleguaren ondorioz neurri ekonomikoak hartzea etxebizitza gastuei aurre egiteko (%16). Librean, berriz, ondorengo eskakizunak erantsi dituzte: laguntza psikologikoa emateko telefono publikoa, “bidaiatzeko beharra, besarkatzekoa, jendearekin lasai egotekoa”, espazio kolektiboen beharra, mugitzekoa…
Aurrera begira, ordea, esperantza da nagusi: “Berriro ere emakumeok* aterako dugu gizarte krisi honetatik”. Dena den, pandemia gainditzea ez da debalde suertatu: “Neurriak ahalik eta zorrotzen betetzen ari garenok erotuta gaudela sentitzen dugula uste dut, beti ibili behar gara azalpenak ematen”. Zentzu horretan, etsituta dagoenik ere bada: “Botere publikoak ez du ezertarako balio ez ondo gaudenean, ezta txarto gaudenean ere; nahiz eta gure dirua kudeatu. Azkenean, herria da pandemia gainditzen duena”.