Aiaraldeko Kultur Zirkuituaren baitan udaberrirako hamaika ekintza eskainiko dira Laudio, Amurrio, Lanteno, Menagarai eta Arespalditzan. Martxoaren 18an hasita eta 27ra arte pailazoak, hitzaldiak, film laburren zirkuitua eta ipuin kontaketak izango ditugu gurean.
Besteak beste, Alberto Iñurrategi mendizalea Laudiora etorriko da, Basalarrinara, martxoaren 26an “Porrotaren Alde” hitzaldia eskaintzera. Potxin eta Patxinek “Ohitura onak” ikuskizuna aurkeztuko du Lantenon 18an eta Jakin eta Jolasek “Asmakuntzak Salgai” Amurrioko parkean, hilaren 23an. Film laburren zirkuituak bi emanaldi izango ditu, lehenengoa Arespalditzan 23an, eta bigarrena Basalarrinan, 27an.