Arabako Foru Aldundia Urduñan hasi eta Artziniegan bukatuko den bide berdea egiten dabil. Obrak maiatzean esleitu ziren Repoblaciones Forestales Euskaldunak S.L. enpresari, 149.748,10 eurogatik, BEZ barne. Obrak burutzeko epea 4 hilabetekoa bazen ere, oraindik ez dira bukatu.
Bitartean, Aiaratur turismo elkarteak Sopeñako errege Bidea aiaraldeko eskaintza turistikoaren barruan sartu behar duela adierazi du, mendizaleei zuzenduta batez ere. Horrela, gure ingurunearen balio historiko eta kulturala handitzea espero dute, ondarea, etnografia eta gastronomia bezalako beste baliabideekin uztartuz. Izan ere, antzina, eskualdea egituratzeko ardatza izan zen bide hau, eta hiri eta feria nagusiak lotzen zituen; horren erakusgarri da eskualdeko lehenengo giza aztarnak bidearen inguruan topatu izana eta lehenengo herrixkak ere bide horren inguruan sortu izana.
Mendiko Lagunak elkarteak ere bide honi buruzko hitzaldia antolatu zuen azaroaren 25ean Amurrion, Aunia Kultur Elkartearen kide den Felix Mugurutzaren eskutik. Hurrengo urtera begira eta Aiaran bidea ezagutarazi asmoz beste solasaldi bat egin nahi da bidean bertan, Añesen, bidea egunero bizi dutenentzako espreski zuzendua.