Aiaraldean, krisia izanda ere, iazko uztaila eta abuztuan jasotako bisitari kopurua mantendu da. Guztira 7.462 turista zenbatu ditu Aiaratur turismo publikoko elkarte pribatuak. Beraien esanetan, 2010 urtearekiko bisitarien igoera nabaritu da, Laudion eta Kexaan izandako bisitak %54 eta %13 igo direlarik.
Guregana gerturatutako pertsonen %64-a Euskal Herriko beste txokoetatik hurbildu da, %31 Espainiatik eta %5-a beste herrialdeetatik. Euskal Herritik gerturatutako pertsonen artean bizkaitarrak eta arabarrak izan dira nagusi (%56 eta %33, hurrenez hurren). Beste bisitariak Katalunia, Madril, Iberoamerika eta Frantziatik etorri dira.
Aiaratur (Aiara Haraneko eta Goi Nerbioiko Turismo Elkartea) irabazteko asmorik gabeko turismo publikoko elkarte pribatua da eta Artziniega, Aiara, Amurrio, Laudio, Urduña eta Orozkoko udalek osatzen dute. Bertan, aipatu udaletako eta eremu geografiko horietako ordezkariek hartzen dute parte: Aiaran Landa-Etxeen Elkarteak eta Laudio, Urduña eta Amurrioko merkatarienek (APILL, ACCOR eta APYMCA, hurrenez hurren).