Azterketa horren ostean argitaratutako laburpenaren arabera, beste ondorioen artean, biztanleriari dagokionez honakoa adierazten da “biztanle kopurua Laudion ezik, Kuadrilla osatzen duten herri guztietan handitu da. Laudion biztanle kopurua %2 jaitsi da (500 pertsona), Amurrio aldiz azkenengo 10 urtetan 5% handitu da (590 pertsona). Aiara, Artziniega eta Okondoren kasuan biztanle kopurua %30tik gora handitu da (300 pertsona Okondoren kasuan eta 800 pertsona Aiararen kasuan)”.
Ibilgailu astunei buruzko ondorioen arabera “A-625 errepidetik pasatzen diren ibilgailu astunek, ibilgailu guztien %8 osatzen dute, Laudioren kasuan ordea, BI-625 errepidean, portzentaia %14ra igotzen da. Ziorragako inguruetan, A-624 errepidea, portzentaia %15ekoa da baina Amurriorako bidean jaitsiz doa 8rarte. Arespalditzan %4 baino ez du betetzen”.
Aiara Eskualdeko Ingurumen Teknikariak adierazi bezala, gaur egun, diagnostiko hori oinarritzat hartuta, eskualdeko mugigarritasuna hobetzeko hartu beharreko neurri zehatzak idazten ari da planaren erredakzio-taldea. Helburua proposatutako neurriak irailean udaletako teknikari eta politikoekin nahiz herritarrekin, oro har, lantzea da, guztien artean eskualdean mugikortasun iraunkorra lortzeko neurriak ezartze aldera.
Proposamenen erredakzio-aldian daude, eta tartean dagoen ahal beste jenderi helarazi nahi zaio diagnostikoaren laburpena era guztietako ekarpenak jasotzeko, izan diagnostikoari buruzkoak, izan proposamen zehatzak. Proposamenak honako helbide elektroniko honetara bidali ahal dira:cayala.aintzane@ayto.alava.net