Olabezarreko kontzejua Artza errota eraikitzen hasiko da. Erabilera didaktikoa izango du eta Izoria ibaiaren ondoan kokatuko da. Gainera, eraikina babesteko, Kultura Ondarearen katalogoetan sartzeko lanean jarraituko dute.
Artza errota berreraikitzeko behar den azken baimena Uraren Euskal Agentziarena da. Lanak egiteko eskatutako baimena dela eta, kalteak eragiten dizkietela irizten dutenek erreklamazioak aurkezteko epea amaitzear da.
Errotari buruzko lehen idazkiak 1679koak dira. Olabezarreko kontzejuak 2004tik prest zeukan errota eraberritzeko proiektua, baina ez zen aurrera eraman diru faltagatik. 2004an, hain zuzen ere, kontzejuak bere ardura adierazi zion Foru Aldundiari eta honako erantzuna jaso zuen: “errota Arabako Eraikitako Kultura Ondareari dagokio eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zentroak egindako Udal Babesa duten Elementuen Katalogoan inskribatuta dago, hortaz bere eraisketa ez dago baimendua eta zentzu horretan industrigunearen zabalkuntza planetan hau kontuan hartzea komeni da, behar izanez gero kokapen proiektuak errota hau babestu eta mantentzeko egokituz”.
Bestetik, Kultura Ondarearen Zuzendariaren idazki baten arabera, errota “ez dago Zermugatutako Kultur Ondasunen Zerrendan, ezta Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian ere sartuta. Hau horrela bada ere, udal mailan babestua izateko proposaturik dagoen elementua da, Kultura Ondarearen Zentroko datuen arabera”.
2009ko ekainean Araba Garapen Agentziak errota eraitsi zuen, Aiarako Udalak emandako lizentziarekin, baina Olabezarreko kontzejuaren baimenik gabe. Ondare hori ez galtzeko, herritarrek errotaren kapetea eta harriak bildu zituzten. Ondoren, Foru Aldundiak Artza errotaren jatorrizko lekuan Murgako industrialdeko errepide bat eta aparkalekuak eraiki zituen.
Eraisketak sortutako eztabaida dela eta, 2009. urteko uztailean Arabako Garapen Agentziak 60.000 euroko dirulaguntza ematea erabaki zuen. Errotaren material erabilgarri guztiak gorde eta berreraikitzeko akordioa adostu zuten Araba Garapen Agentziak, Aiarako Udalak eta Olabezarreko kontzejuak.