Maite dugun hori zaintzeko esaten du Ruper Ordorika handiak. Horretan dabiltza duela hilabete batzutatik hona “Burubio Kultur Elkartea” egitasmoa martxan jarri zutenak, hainbeste maite duten kultura zaintzen, egunez-egun ureztatzen, alegia. Arratsaldero lokaletik ikusten zuten mendiak eman zien izena eta eskualdeko kulturaren egoerak, ordea, ideia.
Hutsunea bete beharra zegoen. Baita une hutsak ere. Orain, indar guztiak proiektuaren egonkortze fasean jartzen dabiltza, hau baita aurrera egiteko momenturik garrantzitsuena, eta aldi berean, zailena. Lehen mailako kontzertuak eskaintzeaz gain, kulturaren hainbat esparruri lekua egiteko asmoari ekin diote azken hilabeteetan (argazkigintza, dantza, antzerkigintza, etab.). Baina egun, poztasun iheskorraren jendarte eredu batean harrapatuta bizi gara, arin bizi eta azkarrago ahaztu egiten den munduan. Horregatik, orain inoiz baino gehiago zuen beharra daukate, ahanzturak irentsi ez ditzan. Berdin dio sortzaile edo zale, guztion alearen beharra dago.
Tamalez mundua aldatu ez badu ere, kulturak zenbait bizitza aldatu ditu, Burubio Kultur Elkartea sortu duten askorenak, besteak beste. Hori dela eta, zuon bizitza ere alda dezan, guztiak zaudete gonbidatuta.