Herrien nazioarteko ituna, enpresa transnazionalen kontrolerako 2014an argitaratutako dokumentua da, gizarte mugimenduen, jatorrizko herrien, sindikalisten, adituen, ekintzaileen eta komunitateen lanaren ondorioz, baita Botere korporatiboa suntsitzen kanpainia osatzen duten erakundeen babesarekin ere. NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak bi urteko epean izenburu berdineko itun bat sortzeko hitza eman zezan egindako presioen ondoren, Juan Hernández-en hitzetan «garaipen historikoa» izan dena, aipatutako aktoreek lanean jardun dute honako dokumentua argitara emateko. Honek premiazko behar sozial bati erantzuten dio, enpresa transnazionalek estatuen, nazioarteko erakundeen eta pentsamendu kolektiboaren gaineko botere izugarria lortu baitute, euren jarduera eta ekintzen inpunitatea ahalbidetzen dituen arkitektura global batez lagundurik.
Kontseiluaren erabakiak agerian utzi zuen moduan, ez da gizartea globalizazio asimetriko honen ondorio kaltegarrian jasan behar dituen bakarra, bai estatuak baita nazioarteko organismoak ere euren erabakitzeko ahalmenak galduz joan baitira. Honen froga modura, 20 izan ziren gorago azaldu den erabakia babestu zuten herrialdeak. Kontuan hartzen baldin badugu ekimenak izan duen oposizioa, batez ere pentsamendu kritikoaren zenbait esferatan iparralde global modura ulertzen denaren barruko herrialdeen artean, eta Juan Hernández-ek beraren hitzetan, espero da aldaketa hauen aurkako herrialde boteretsuek eta enpresa transnazionalek eurak gelditzeko ekintzak eta erasoak burutzea.
Honen aurrean, berebiziko garrantzia du Herrien ituna osatzen duten eduki eta proposamenak hedatzea, eztabaidatzea eta politikoki sakontzea.
Ituna aztertzeari ekiten badiogu, ikus daiteke bi atal nagusitan banatu egiten dela: diagnostikoa eta proposamena. Lehen zatian gaur egungo egoera globala deskribatu egiten da, non ETNen botere hazkor bat nabarmen atzeman daitekeen, euren pribilegioak era zurrunean egonkortuta dituztelarik, baina betebeharrak lausoki onartuak eta are apalago kontrolatuak. Honakoa, aurretik esan den bezala, enpresen interesak babesten eta haien betebeharrak eta erantzukizunak ezerezten dituen nazioarteko egitura baten eraikuntzaren ondorio da. Diagnostiko honen bidez ere aurreko saiakeren porrota azpimarratu egin nahi da, edo behintzat jakitera eman, nazioarteko komunitateak ez baitu emaitza eraginkorrik lortu ETNen ekintzen gaineko kontrola ezartzeko saiakeretan, eta proposamenak aurrera eramateko aukerak ekiditen amaitu duelako beti. Honen adibide modura NBEren Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren barruko Sozietate Transnazionalen Komisioak kode bat sortzeko alferrikako saiakera dugu, 2003 urtekoa, edota 2011an onartu egin zen Enpresa eta Giza Eskubideen Printzipio Gidariak dokumentuaren eraginkortasun praktiko falta.
Proposamenari lotutako bigarren atalaren harira, ETNen botere hegemonikoari aurre egingo dioten alternatiba eraginkorrak bilatzeko bidean kontuan hartu beharreko zenbait helburu bildu egiten dira. Azpimarratzekoa da ere Boaventura de Sousa-k egindako «globalizazio kontrahegemonikoa» kontzeptuaren definizio proposamenari ere egiten zaiola erreferentzia, azpitik eta konfrontazio demokratikoaren bidez (demokratizaziorako oinarrizkoa, C. Tilly bezalako zenbait autore famatuen arabera, demokrazia prozesu baten gisa definitzen dutenak, eta ez kontzeptu estatiko modura gaur egungo iritzi publikoan nagusi den bezala) eraikitako Zuzenbide baten erabilera alternatiboa sustatzeko xedearekin.
Horrela, kontrol mekanismoen, arau lotesleen eta erakunde judizial edo kontrolatzaileen sorrera defendatzeaz gain, Nazioarteko Zuzenbidea erradikalki birformulatzeko beharra ere nabarmentzen da, egun enpresak eta euren aliatuak babesten dituen «inpunitate arkitektura» deuseztatzeko bidetik. Itun honetan irakurri daitekeen bezala, ETNen, euren filialen (izatezkoak edo eskubidezkoak) eta hornitzaile, azpikontratista eta lizentzia-hartzaileen interesen gainetik egon behar dute bai giza eskubideek (zibilak, politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta ingurumenekoak) baita oinarrizko askatasunek. Gainera, estatuek eta nazioarteko instantziek menpekotasun hau eraginkorra izatea bermatu behar dute, Nazioarteko Zuzenbidea moldatzeko beharra berriz ere azpimarratzen delarik.
Esandakoaz gain, badaude irakurketa bat merezi duten bestelako aspektu konkretuagoak ere, gizarte justuago eta solidarioago baterako aurrerabidean aldaketa garrantzitsuak suposatzen baitute. Espekulazioa bezalako arloen aurreko kontrolerako neurriak formulatu egiten dira, mota horretako ekintzak zalantzan jartzeaz gain, 2008ko krisiaren eztandan eragin erabat suntsitzaileak izan dituzten arren oraindik ere maila globaleko transakzio askotan paper garrantzitsua betetzen dutelarik. Enpresa transnazionalen erantzukizun solidarioa ere agerian uzten du itunak, zinearen munduan famatu egin den esaldi baten esanahiari dei eginaz: «botere handi batek erantzukizun handia du berekin». Honi jarraituz, Giza Eskubideak betetzeaz gain, ETNen betebeharrek emakumeen eskubideak (gaur egun sistematikoki zapalduta daudenak lan baldintzei, biolentziari eta diskriminazioari dagokionez), jatorrizko herrienak (LNEren 169. Hitzarmena-k indartuta) edo ingurumenarenak berarenak kontuan hartu behar dituzte, eta eragindako kalte guztiak gutxienez estaliko dituen indemnizazio eraginkor eta ahalik eta azkarrena bermatu.
ETNen betebeharrak eta inplementatu beharreko neurriak landu ondoren, Herrien nazioarteko ituna-kaktore hauek burutzen dituzten krimenak sailkatu egiten ditu, erantzun moduan neurri judizialak egon daitezen sustatzeko. Itunaren arabera, nazioarteko krimenak enpresa transnazional, estatu edo erakunde ekonomiko-finantziero batek dauden eskubide zibil, politiko, sozioekonomiko, kultural edo ekologikoren bat edo batzuk urratzen dituenean ematen da, bai era zuzenean baita erruduna den aktorearekiko harremanaren ondorioz. Atal hau bereziki interesgarria da, aitortu egiten baitu krimen hauek internazionalak izango direla nazioarteko komunitatearen segurtasun kolektiboa edota oinarrizko ondasun juridikoren bat arriskuan dagoenean. Honakoa gaur egungo nazioarteko krimenen ikuspegitik haratago doa, existitzen diren nazioarteko auzitegiek (Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegia edota Nazioarteko Auzitegi Penala, adibidez, krimen zehatzak epaitzeko ad hoc sortutakoez gain, hala nola Ruanda edo antzinako Yugoslavia-ko kasuetan) estatuen gaineko konpetentzia hutsak dituztelako (NJA) edo krimenen tipologiaren irakurketa nahiko mugatua jarraitzen dutelako. Hiru krimen mota bereizi egiten dira itunean: gizateriaren kontrako krimen ekonomikoak (GGEEen Gutuna, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna eta NBEren ius cogens kontuan hartuz), krimen korporatiboak (ustelkeria, dirua zuritzea, iruzur fiskala…) eta krimen ekologikoak. Horrek guztiak, behin baino gehiagotan aipatu dugun moduan, Nazioarteko Zuzenbide alternatiboaren sorreraren zati garrantzitsu bat hartuko luke.
Azken finean, Herrien ituna erronka handi honetan erabat beharrezkoa den pausua da, gizarte mugimenduen saretzerako abiapuntu gisa balio duelako. Honako koordinazio eta artikulazioa, «globalizazio kontrahegemonikoa» ideiarekin batera, ezinbestekoak dira azken urteotan bizi izan dugun (eta bizitzen jarraitzen dugun) globalizazio neoliberalak, haren kontrako mugimenduen desaktibazioa baliatuz, eragindako eta sakondutako ezberdintasun eta opresioei aurre egiteko.
Estatuek eta erakundetutako nazioarteko aktoreek joera honen aurrean izan duten jarrera permisibo eta pasiboa ikusita, soluziobiderik argienak dokumentu honetan jasota dauden gizartearen mobilizazioa eta boteretze politiko-juridikoa dira. Horregatik, nahiz eta estatu eta nazioarteko aktoreak konprometitu behar diren, jada onartua izan den bezala, gizarte mugimenduek hartu behar dute neurri hauen garapen normatiboaren lekukoa, eurak direlako proposamen garrantzitsuenak plazaratu ditzaketenak eta giza eskubideen errespetua bermatzeko kontrol eraginkorrena ezar dezaketenak.