Jada hilabeteetan zenbatzen dugun azkenaldi honek erabat eragin ditu gure bizitzak. Eta ez bakarrik nazioarte osoa hankaz gora jarri duen birusaren ondorioz. Egunero aurki ditzakegu egunkari eta komunikabideetan aipamena merezi duten titularrak. Autore ugarik jorratu dute jada internet eta sare sozialen eraginez ematen den desinformazio andana, eta birus honen garaian, konfinamendutik “normaltasun berria” delakoranzko bide honetan, badirudi fenomenoak bultzada garrantzitsua izan duela.
Eta nazioarteko fenomenoa denak, Espainian badu bere isla ere. OK Diario, Javier Negre eta halako pertsonaiak bazeuden hau guztia gertatu aurretik. Baina orduan faxistak Espainiako Kongresura iritsi ziren. Eta horren ostean, euren gustukoa ez den gobernu baten osaketak eman zion amaiera urtetako blokeo instituzionalari. Eta hori gutxi balitz, antzeko aurrekaririk gabeko krisi erraldoi bati aurre egiteko ardura hartu behar izan du gobernu horrek. Nahasketa konplexu horrek aurretik lotsatiago zegoen eskuin muturrari adorea eman dio, eta euren burua kazetaritzat agertzen dutenen irudimena ere piztu egin du. Eta gezurrak argitaratzeari ekin diote. Eta hori oso arma arriskutsu bihurtu daiteke. Espainiako alderdi nagusien ordezkariek egindako deklarazio bihurtu daiteke, adibidez. Guardia Zibilak Espainiako Gobernuaren kontrako epaiketa batean aurkeztutako informe bihurtu daiteke, adibidez.
Eta beldur gehien ematen duena ez da hori, analisi eta albisteen kontraste minimo batekin, egiaren bilaketa minimo batekin konpondu baitaiteke. Beldur gehien ematen duena da askotan (gehiegitan) bilaketa eta analisi horrek sare sozialetan presentzia minimo bat duela. Eta Lurra laua dela defendatzen dutenen edota txertoen kontra daudenen parean, ahots ozenena gezur horien bozeramaileek izaten dutela. Faxismoa eta desinformazioa badira ere kontuan hartzeko moduko birusak.