[ANALISIA] Zer gertatzen ari da basurdeekin?

Erabiltzailearen aurpegia Enrique Arberas 2019ko urr. 17a, 08:30

Basurdeen gainpopulazioa bistakoa da, baina horren atzean dauden arrazoiei ere erreparatu behar zaie konponbideak bilatzeko.

Astelehenean gauez herritar batek 3 basurde grabatu zituen Laudioko herrigunean. Irudiek eragin handia izan dute eta, batzuetan, sentsazionalismoan erori da gaiari buruz aritzeko.

Edonola ere, egia da basurdeen gainpopulazioa dagoela. Europan 10 milioi basurde daude eta Estatu Espainiarrean milioi bat. Gainera, animali horren ugalketa gaitasuna handia da. Urtero %5etik %15era hazi daiteke. Gauzak horrela jarraituta, 2025ean egungo populazioa bikoiztu daiteke, alegia. Berez, azken 12 urteetan hori gertatu da, nahiz eta 2017an 327.000 basurde inguru hil zituzten estatu osoan.

Gorakada horren aldaketaren atzean hainbat aldagai dago. Alde batetik, lurraldearen erabilera aldaketak ingurumena eraldatzen du. Europan lurraldearen azaleko erabilera %0,5ean aldatzen da urtero.

Gainera, bilakaera klimatikoa dago; neguak hain gogorrak ez direnez, animali gehiagok lortzen dute bizirautea. Horri gehitu behar zaio ehiza ez dela nahikoa hazkundeari aurre egiteko eta basurdeak ez duela harrapakaririk -otsoa edo artza, esaterako-.

Horrez gain, basurdea belarjale oportunista da eta, ondorioz, haragia ere jaten du. Gauzak hala, ehiza eremuetan ere janaria ematen zaie maiz, hurbildu daitezen.

Basurdeak hirietan
Egia da azkenaldian arruntagoa bihurtu dela basurdeak herrietatik hurbil ikustea, baina hori ez dago bakarrik gainpopulaziora lotuta. Izan ere, gizakiok gero eta azpiegitura gehiago eraiki eta animali basatien inguruneak inbaditzen ditugu: errepideak, bideak... Ondorioz, ohikoa egin zaie hirigunea, basoa bezala.

Laudion agertutako taldeari dagokionez, aintzat hartu beharra dago asteburuan ehiztariek mugiarazten dituztela -herrigunera astelehenean jaitsi ziren-. Hiru basurdeak gazteak ziren. Hortaz, izan liteke ama galtzea eta horregatik Zumalakarregin agertzea noraezean.

Dena den, basurdeak ez dira, printzipioz, gizakiontzat arriskutsuak. Bakean utziz gero, edozein animali basati bezala, ihes egitea da bere joera. Gehiegi hurbildu eta mehatxu baten moduan agertzen bagara soilik izan daitezke arriskutsuak.

Hori bai, errepidean ale batekin topo eginez gero, istripua larria izan daiteke. Horrelako gertakariak biderkatzen ari dira, gainera.

Neurriak
Zuzenean pertsonentzat arriskua suposatzen ez badu ere, basurdeen gainpopulazioa arazoa da ingumenari (lurra mugitzen dute, basoaren ezaugarriak eraldatu ditzakete...) edota beste espeziei (euren arrautzak jaten dituzte) dagokienez.

Bestalde, nekazaritzan eta abeltzaintzan ere kalteak sortzen dituzte basurdeek.

Horregatik, hain zuzen, neurri zuzentzaileak hartu behar dira epidemia agertu baino lehen, gaixotasun moduan. Hasteko, argi utzi behar da kirol ehiza ez dela konponbidea. Lagundu dezake, baina inoiz ez da irtenbidea izango, ez baita nahikoa. Soilik Estatu Batuetan lortu dute hori, ehiztari profesional ordainduekin, baina garestia da.

Ugalketa ekiditeko toxikoak ere baliatu daitezke, baina litekeena da oso eraginkorrak ez izatea. Biderik zuzenena da, zalantzarik gabe, euren inguruan janaria murriztea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide