Pandemia izendatu duten COVID-19ak buelta eman dio gure munduari egun batetik bestera. Bat- batean gure ziurtasunak eta segurtasuna desagerrarazi ditu. Samina, beldurra eta ziurtasun eza ekarri dizkigu.
Hizki hauetan ez dago erantzunik. Osasungintzako profesionala izan arren, osasunarekin kezkatuta, arazo larri honen aurrean egin dezakedan ekarpenaren txikitasunaz jakitun naiz.
Baina gogoeta egin nahi nuke gertatzen ari zaigunaz. Zer egiten ari gara? Nola irtengo gara ataka honetatik? Berriro gertatzekotan, nola kudeatu beharko litzateke bizi dugun bezalako egoera bat?
OME (osasunaren mundu erakundea)
OME ez da interes eta presiorik gabeko erakunde garbi, garden eta inozoa. Munduko hainbat gobernuk eta enpresak (farmazeutikoek barne, noski) finantzatzen dute OMEk, munduak nozitzen duen pandemia handi eta hilgarrienaren aurrean, gosea eta miseria, ez du ezer esateko.
Ez litzateke OMEk engainatzen gaituen lehenengo aldia. Egin zuen SARS delakoarekin, hegaztien gripearekin, A gripearekin... Gogoratzen duzue A gripea? Beldurra zabaldu zuten, ekonomia kaltetu eta munduko hamaika gobernuk dirutza publikoa botiketan (Tamiflu) eta abarretan gastatzea lortu zuten.
Eta bat-batean, A gripeari buruz hitz egiteari utzi zitzaion, berrietatik desagertu zen, gaur egun berarekin urtero bizi bagara ere. OMEk ez du azalpenik eman nahi izan gertakari honi buruz. Gobernuek ere, ez dute zenbat diru xahutu zuten eta botika horiek non dauden edo haiekin zer egin duten azaldu.
OMEk menpekotasuna sortu eta industria farmazeutikoa aberasten duen osasunaren ikuspegi aringarri eta farmakologikoa sustatzen du. Ez du osasunaren ikuspegi osoa. Ez ditu aintzat hartzen prebentzio irizpideak, elikadura eta bizitza ohitura osasungarriak. Azken horiek arazo asko ekidin eta osasun publikoaren gastuak nabarmen murriztuko lituzketen arren.
Beraz, orain, zein da OMErekin fidatu eta bere ildoa jarraitzeko zioa?
Gobernuak, klase politikoa
Munduko gobernuek diote gure sistema izan daitekeen onena dela. Munduan gose eta miseriaz milioika lagun hiltzen dituen sistema eta ekonomia. Ekonomiaren izenean planeta txikitu; ibai, itsaso eta airea kutsatzen dituzten gobernuek. Mediterraneoan, Greziako eta Marokoko mugetan kontzentrazio-esparruetan milaka pertsona hiltzen dituzten gobernuek.
Glifosatoa, glutamatoa, transgenikoak, fluorra uretan, elikagaietan gehigarri eta mendekotasun-sortzaileak, azukrea tonaka baimentzen dituzten gobernuek, gure osasuna kaltetu arren.
Osasun publikoa murrizten eta pribatizatzen aritu den klase politikoa. Gauza bera egin dute hezkuntzarekin. Egunotan ez dira maskara horniketa bermatzeko gai ere.
Gure bizitza negozio iturri bihurtu dute: osasuna, nagusientzako egoitzak (ondorioak agerikoak dira), zaborra (Zaldibar, erraustegiak...), pentsioak, etxebizitza...
Haien politiken onuradunak diren enpresetatik nola edo hala bizi den klase politikoa (finantzaketa, enpresetan eserlekuak...).
Gertuago, Espainiako Gobernuak eta bere ordezkaritza autonomikoak, krisia era eraginkor eta eredugarrian kudeatzen ari direla esaten digute. Errealitatea, ordea, da estatu espainola dela munduan milioi biztanleko hildako kopuru handiena eta osasun langile gaixotu gehien duen estatua. Baieztapen hori ezbaian jartzen dituen akatsen zerrenda luzea.
Beraz, orain, zergatik uste dugu zuzen jokatzen ari direla? Gure osasuna eta ongizatea dutela helburu?
Noiz eta zergatik hasi gara jende honekin fidatzen, haiengan sinisten?
Orain, krisiaren beste kudeaketa bat proposatu beharko nuke. Baina ez dut alternatibarik. Ez dakit zein den bide zuzena. Ez dut informazio nahikorik, ez digute ematen. Ez naiz aditua eta ziurrenik nire gaitasunetatik urrun dago.
Baina ditugun datuek argi agertzen dute haien politikak ez direla eraginkorrak eta ondorioak esparru guztietan lazgarriak izango direla.
Zer egin? Zer egin dezakegu?
Gure osasunaren kudeaketa gure esku hartu, gure osasuna gure ardura da eta. Gure osasuna zaindu. Immunitate sistema indartu: ahultzen duten estresa, larritasuna, beldurra, bizitza erritmo eroa saihestu.
Osasuntsu elikatu, kirola egin, izadiarekin harremana izan (airea, eguzkia, mendia...), buru osasuna eta giza harremanak indartu, barre egin eta elkar ukitu. Krisi honek, pantailek, presek ez diezagutela gure osasuna indartu eta gizaki egiten gaituen azalaren igurtzia lapur. Ez gaitzatela isola.
Hau da oraingoz egin dezakeguna gaituzten egoera honetan. Eta BIZI!!! Ezin dugu, ezin diogu bizitzeari uko egin bizitza galtzeko beldurragatik.
OSASUNA ETA JARRERA KRITIKOA