Salbuespen egoeraren ondorioak gogorrak izaten ari dira hezkuntzan eta horren lekuko zuzenak gara ikasleak. Azken hilabetean egoera nahasia eta aldakorra izan da, eta hezkuntzari zein gure ikasketa prozesuari dagozkien erabakiak ere horrelakoak izan dira, zurrumurruz inguratuak eta oso aldakorrak. Badirudi egoera egonkortzen ari dela eta agintari politikoak hasiak direla gehiegi luzatu diren erabakiak hartzen; oraindik, ordea, oso airean daude ikasketa akademikoaren nondik norakoak, eta horrek, ondorio zuzena du gure eskualdean.
Egoera honi aurre egiteko, antolakunde ezberdinak izan dira aldarrikapen eta exijentziak egin dituztenak, langileriaren eta bereziki ikasleriaren interesen defentsa egitea irizpide politikoa izanik, kontuan hartuta kaltetu nagusia langile klasea izango dela. Antolakunde horiei bueltatuz, hezkuntza esparruan bi izan dira nabarmenenak, hainbaten artean: Ikasle Abertzaleak eta Unibertsitateko Indar Batasuna. Biek martxan jarri dituzte euren programak plano nazionalean. Horietaz aparte, badira beste hainbat ere hezkuntza esparrutik kanpo, Gazte Koordinadora Sozialista kasu. Hori berebizikoa izan da gure eskualdean, Laudioko Gaztetxeak bat egin duelako bere programarekin, eta, bere proiektu propioa bultzatu duelako. Hala ere, zutabe honen helburua ikasleon inguruan hitz egitea denez, lehenengo bietan sakonduko dut testua.
Ikasle Abertzaleak-en programak adierazten duen moduan, salbuespen egoerak ikasle langileon ongizatea ahalik eta gutxien kolpatzea izan behar da gure helburua. Ez hori bakarrik, iraultzaileontzat, langileriak bere bizkarrean ahalik eta kalte gutxien asumitzeko aldarriarekin batera, gizarte antolamendu kapitalista bere osotasunean seinalatzeko momentua da, gizarte antolamendu sozialista eta ikasketa prozesuaren gaineko langile kontrola aldarrikatzeko momentua. Horri jarraiki, sei puntu nagusitan banatutako exijentziak egin dizkiete Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuetako agintari politikoei, unibertsitateetako zuzendaritzei eta ikastetxeetako zuzendaritzei:
1- Orain arte aplikatu den online ikasketa plana bertan behera utzi eta jardun akademikoa mugatzea ikasketa bakoitzean ezinbestekoa den eta horren ikasketa posible den materialaren lanketara.
2- Online ikasketa bitartez landutako edukiaren gaineko ebaluazio mekanismoen balio akademikoa bertan behera geratzea eta irakasgaien gaindipen automatikoa aplikatzea.
3- Ohiko selektibitate eredua bertan behera geratzea eta horren ordez ikasleei erraztasunak emango dizkien ebaluazio modua aplikatzea: datak aurreratzea, ikasle guztiek klase presentzialetan emandako edukiarekin egin ahal izatea eta presentziala izatea .
4- Unibertsitateko matrikularen bigarren lauhilekoko kredituen prezioa eta Lanbide Heziketa zein Bigarren Hezkuntzan ikastetxeak itxita egon diren epean ordaindutakoa itzultzea, hemendik aurrerakoa ez ordaintzeko neurriak aplikatzearekin batera.
5- Lanbide Heziketa Dualeko ikasle guztiak soldata jaso dezaten neurriak aplikatzea.
6- Agintari politikoek eta hezkuntza arduradun ezberdinek ikasle langileon antolakundeekin egoera kudeatzeko elkarrizketa mahaiak osatzea.
Bestalde, Unibertsitateko Indar Batasuna-k argitaratutako programa dago. Ebaluazioaren nahiz edukien sistema goitik behera aldatzea eta ikasketa kostuak ezabatzea lehenesten du honek. Kostuei lotuta UIBren programak barne-bildu zituen aldarrikapenak krisi egoeran hil ala biziko kontua bihurtu direla argudiatu du, bigarren lauhilekoan jaso ez diren edukien kostua itzultzea eta alokairuak ordaindu behar ez izatea, unibertsitate esparruaz haratago, hezkuntza osoan beharrezkoa delako. Bere baliabide guztiak ikasleria langilearen esku jartzeko borondatea adierazi dute UIBko kideek, eta horretarako, momentuz, apunte bankua eta ikasketarako laguntza pertsonala sortu ditu.
Alde batetik, apunte bilketa egiten ari dira, behar dituen edonork eskura izan ditzan. Argi dago egungo egoeran hutsune garrantzitsuak daudela, horregatik, beharrezkoa dugu baliabideen kolektibizazioa egitea. Bigarren hezkuntzako zein unibertsitateko apunteak biltzen ari dira, eta MEGA plataforman eskuragarri daude. Bestalde, unibertsitateko ikasleak antolatzen ari dira ikasketekin arazoak dituzten beste batzuei laguntzeko, batez ere, DBH eta batxilergoko ikasleei zuzendua, eta ikasgai gehienetan laguntzeko baliabide nahikoak dituzte. Apunteak bidaltzeko zein ikasketa-laguntza jasotzeko, uibnazionala@gmail.com helbidera mezu bat bidali.
Bi antolakunde hauen jarduna ezinbestekoa zaigu eskualdeko ikasleoi. Ikasle Abertzaleak-en exijentziak betetzeak inoiz baino garrantzi handiagoa du orain. Agerikoa da horiek betetzen ez diren heinean, ikasle askok ezingo dutela kurtsoarekin aurre egin. Are gehiago, akademikoki ez ezik, askok ekonomikoki ere arazoak izango dituzte, honek suposatzen dituen gastuak ordaindu ahal izateko (unibertsitateko matrikula, adibidez). Baina bitartean, UIB-k eskainitako baliabideak erabiltzen jarraitu behar dugu, beti ere klase elkartasuna oinarria izanik. Horrekin batera, ahal den heinean aproposena litzateke baliabide horiek kolektiboki taldeetan erabiltzea, bata besteari lagunduz, eta laguntza behar duten horiei gure burua eskainiz. Horregatik, berebizikoa da hezkuntza esparruko edonori (guraso, ikasle, irakasle etab.) tresna hauek zabaltzea, bakoitzak bere ekarpena egin dezan. Azkenik, aipatzea Laudioko Gaztetxeak abiatutako proiektuan testigantzak bidaltzea posible dela, eta bertan ere, ikasleon egoera adierazteko aukera dagoela. Orain, ikasle langileon kontrako burgesiaren ofentsiba agerian uzteko unea delako.