ARANTZA SAUTUA (Laudio, 1975) Laudion Berakatz egunaren ohitura berreskuratu duen Untzueta Dantza Taldeko kidea da. San Roke jai egun nagusiak lan egiten ematen zuten herritarren jai honen inguruan galdetu diogu.
Berakatz egunean Untzueta Dantza Taldeak aspaldiko tradizio bat berreskuratzen du, zein?
Egia esan, ohitura bat baino gehiago bildu genuen egun berean. Berakatz eguna bera, hau da, Laudioko jaietako (txupinazoa edo Ama Birjina, Saint Roke eta Saint Roketzar) ondorengo laneguneko ospakizuna bertakoentzat. Abuztuaren 18an ospatzen zuten, eta domeka bazen, orduan astelehenean, 19an, egiten zuten. Beti lanegun batean, aurreko jaiegunetan lanean (etxeko lanak egiten batez ere) ibilitakoen omenez eta beraien partehartzearekin egiten zen-eta.
Horrez gain, zabor-egunarena, garrafa egitearena, anaidetasun bazkaria eta erromeriak edo dantza-plazak gogoratzen, berreskuratzen eta mantentzen saiatu gara.
Gainera, txupinazoaren ostean, koadrillak Nagusien Egoitzara joaten ziren geure nagusiei jaietako zapia janztera. Urte batzuetan galdu zen ohitura hau, eta denon artean erabaki genuen egun honen hasieran egitea.
Noiz hasi ziren laudioarrak egun hau ospatzen?
Ez dakigu noiz hasi zen Berakatz eguna ospatzen, baina badakigu aurreko mendeko erdialdean erabat finkatuta zegoela (eta orduko jaietako egitarauetan aspaldiko ohitura zela idazten zuten), eta 1960. hamarkadan egiteari utzi ziotela apurka apurka, jaietako egitarauetan agertu arren.
Inguruko herrietan ospatzen den antzekoa izango zen: Orozko, Arrankudiaga edo Ugaoko Indaba-jana.
Nolatan berreskuratu zenuten ohitura hau? Noiz hasi zineten?
1996an “Bai” aldizkarian argitaratu ziguten horri buruzko bildutako informazioa, baina urte hartan jaietako antolatzaileak eta koadrilek adostasunik lortu ez zutenez, hurrengo urtean berreskuratu zen ohitura hau, koadrilen eta lagunen laguntzarekin.
Urte batzuk beranduago jaien berrantolaketa zela eta, denon artean erabaki genuen jaietako azken txanparen lehengo egunean kokatzea. Hau da: lehenengo jaiegunen txanparen osteko eguna izatetik, azken txanparen aurreko eguna izatera. Eta orduan, soka eta aurreskua mutilek gidatzen zutela, nesken eskuetara pasatu zen. Eta ondoren, tartekatzen dugu ardura hori. Urte batzuetan mutilak, besteetan neskak burua dira.
Egun horretan ateratzen duzuen astotxoa eta gurdiak ere badu bere esanahia, ez da hala?
Bai, garai batean [duela hirurogei bat urte] zabor biltzaile bakarra genuen herrian, Felipe Zaballa, bere astoa eta gurditxoa. Eta jaiak amaitu osteko egunean, Kofradia ondorengoa (zabor eguna deitzen zutena) zuen bere jaiegun bakarra. Orduan berak, txistulariek eta ohiko festazaleek, astoa eta gurdia apaindu eta ospatzen zuten.
Garai haietan, berakatz egunean, etxez etxe joaten ziren (etxeko lanetan ari zirenen bila), eta bertan gonbidatzen zuten jan-edatera. Gaur egun jan-edatekoak herriko kaleetatik gurdian bertan garraiatzen ditugu. - Zer egitarau antolatu duzue aurten berakatz egunerako? Egia esan, guk hasieran nahi genuen bezala, gero eta koadrilla, talde zein lagun gehigok antolakuntzan parte hartzen du. Baita kalejiran, sokan, bazkarian eta eromerian.
Egitaraua, gutxi gora behera, azken urtetakoa da. Baina berriren bat nonbaiten agertu liteke. Onena parte hartzea, badaezpada...