IRITZIA

Eutsi hitzari, bultza ekimenarekin

2018tik, bere lehen ediziotik, hizkuntza ohituretan eragiteko helburua izan duen ariketa sozial praktikoa izan da Euskaraldia, eta azaroaren 18tik abenduaren 2ra luzatu den hirugarren edizio honek ere hori izan du xedetzat. Euskaraldia bere amaierara heldu den honetan, ariketa jendartean normalizatu eta finkatu dela uste dugu. Hau da, ariketa ezaguna izateaz gain, gizartean txertatua eta normalizatua dagoela ikusi dugu. Konturatu gara herritarrak ariketak proposatzen dituenak ulertzen eta barneratzen ari direla. Entitateetan ariguneak sortzeko proposatutako ariketa ere geroz eta hobeto ulertzen dela uste dugu, eta proposamenak bilakaera oso positiboa izan duela azken edizio honetan.

Ariketa masibo honetako parte hartzea ere egonkortze bidean dagoela ikusi dugu aurten. Halaber, Euskaraldian parte hartu eta txapa jantzi dutenez haratago ere izaten du eragina ariketak, txapa jantzi edo parte hartu ez dutenek ere badakitelako zer den Euskaraldia, eta gehienek gogo onez hartzen dituzte belarriprest eta ahobiziak, aurreko edizioetako ikerketek erakutsi duten modura. Euskaraldiaren hirugarren edizio honetan ariketaren eraginean jarri nahi izan dugu arreta antolatzaileok. Alde horretatik ere oso pozik gaude. Milaka pertsonak ariketa hausnartuta eta modu sakonean egin dute, horietako askok ere erronkak jarri dizkiote beren buruari eta erronka horiek lortzen saiatu dira 15 egunetan, eta txapa eramanda estres linguistikoa murriztu zaiela ikusi dute partaide askok, uste baino jende gehiagok euskara ulertzen duela ikusi dutelarik.

Noski, herrietan eta hainbat entitatetan osatu diren Euskaraldia batzordeek egin duten lan eskerga ere azpimarratu nahiko nuke. Milaka lagun aritu dira herriz herri, entitatez entitate, Euskaraldiaren eta ekimenari lotutako ehunka ekimenen antolaketan. Sare zabal hori gabe ezinezkoa litzateke tamainako ekimena antolatzea.

Aurrera begira jarrita, jakin badakigu rolak gizarteratzen jarraitu behar dugula, beti esan dugun bezala, epe luzeko lana izango baita hau. Lehen hitza euskarazkoa izatea, ulertzen dutenen aurrean euskarari eustea eta elkarrizketa elebidunak mantentzea, duela lau urte baino onartuagoak eta txertatuagoak daude jendartean eta gure egunerokoan. Eta legitimazio hori oso garrantzitsua da hiztunok gure hizkuntza hautuak egiterako orduan. Txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratzen jarraitu behar dugu, ariketarako beharrezkoa baita. Aurten nahi baino txapa gutxiago ikusi da kalean eta aztertu beharko dugu zein aldaketa egin behar dugun gehiago ikus daitezen. Euskaraldian oinarrizkoa da euskaraz aritzeko aukerak bistaratzea eta txapek funtzio hori betetzen dute. Komunitatea ikusgarri egitea euskararentzat oso garrantzitsua da. 

Euskaraldia ariketa praktikoa dela gogoratzen ere jarraitu behar dugu. Hiztunon portaeratan eta entitateen neurrietan eragiten jarraitu behar dugu, Euskaraldian eta Euskaralditik kanpo ere. Gizarte honetan oso ohituak gaude euskararen alde agertzeko kanpainetara. Euskaraldiarekin bide berri bat zabaltzen ari gara, gure eguneroko ohitura eta portaeratan eragiteko. Baina Euskaraldiak bakarrik ezin du, euskararen erabilera sustatzeko bestelako ariketa praktikoak ere egon daitezen behar dugu. 

Beraz, jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen. Oraindik ere hitzez ekiteko garaiz gabiltza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide