[IRITZIA] Pentsaraztekoak

Erabiltzailearen aurpegia Gontzal Fernandez 2020ko api. 7a, 10:49

Ifemako ospitalea./ Wikipedia

Bihoa aurretiaz nire errespetu eta miresmen osoa osasun arloko langile guzti-guztiei. Zeladore, garbitzaile, erizain nahiz Onkologiako katedradun… Guzti-guztiei. Baina aurrekoan egongelako leiho elektronikoan zehar ikusi nuenak aldarte txarra utzi zidan…

IFEMA-ko kanpaina-ospitalea. Materiala, oheak; dena prest. Ehunka mediku iritsi dira. Eta han geratu, egonean. Ez omen dago “dena antolatzeko, jarraibideak emateko” inor…

Zurlurtuta utzi nau irudiak eta hangoen adierazpenek. Ez nuen uste hain animalia gregarioak ginenik. Nola liteke beharrezko tresnak eta ezagutzak dituen profesional talde bat egonean geratzea, aginduen zain, pazienteak hortxe bertan izanda? Are larriagoa iruditzen zait ikusita agintariek ez dutela oraingo honetan gehiegi agintzeko gogorik, antza… Behingoz beharrezko baliabideak eman, paretik kendu, adituei bide librea utzi eta… Adituak hortxe, egonean, edo are okerrago, kexaka.

Eta zer pentsa eman dit horrek… Delegazionismo hori, gregariokeria hau guztia ikusita, edo Katrina hurakanaren ondorengo arpilatzeak eta gainerako adibideak, tentazioa dut pentsatzeko, apika, agian, gizakiok tirano, buruzagi, ugazaba, diktadore eta enparauen beharra badugula… Eta tentaziozalea naiz, oso. Osaba Oscar Wildek esan omen zuen tentazio bat gainditzeko modu bakarra hari men egitea dela… Baina ez, oraingoan ez…

Lan ezkutua, edo ilegala, edo babes sozialik gabekoa dutenei laguntzen jarraituko dut, edonolako zailtasunek eta nola-halako agindu zurrunek kaltetutako pertsona bigunei laguntzen, hori ez egiteko dudan aginduari entzungor eginda.

Izan ere, agindurik behar ez den kasuetan, ondorio ankerrak dituzten aginduak ditugu. Eta aginduak eskatzen ditugunean, erantzunik ez.

Norbere ekimena, pentsamendu buruaske eta buruaskia, autoestimua hiltzen dizkigun eta lotsa eta beldurra inokulatu digun kate hau nork ezarri digun pentsatzen ari naiz orain…

Artaldetik atera eta bakarka pozik bizi diren ardi gehiago ez ote dugu behar izango?

Betebehar bihurtu digute erabakitzeko eskubidea, erabakitzeko ardura. Are karga bihurtu ere. Eta erabakitzeko gaitasuna zeroz azpitik dugu.

Geure erabakiak hartuko ez duenik ez dagoenean, zer?

Beraz, inor baden inorez xumea izateak ematen didan autoritate falta baliatu nhi dut neure buruari, eta entzun nahi duenari oihukatzeko: begiratu, ikusi, sentitu, pentsatu… eta EKIN, demontre!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide