Azken egunetan kirol arlo guztietan ahoz aho dabilen Euskaltel txirrindularitza taldearen desagerpena. Taldea osatzen dugunontzat, eta euskal txirrindularitzarentzat momentu tristeak dira hauek. 13 urte bete ditut Euskaltel-Euskadin, baina aurretik ere, taldea nire bizitzako parte izan da. Txirrindularitzan hasten nengoela, hor zegoen Euskadi taldea, amets bezala. Beranduago, ametsa, errealitate bihurtu zen. Zer gertatutako da hemendik aurrera gaur egungo gazte horien amets eta helburuekin? Non egongo da erreferentzia-tzat hartu beharreko euskal txirrindularitza taldea? Etorkizun latza ikusten dut euskal txirrindulari gazteentzako.
Horien artean dago Jon Larrinaga amurrioarra. Bere profesionaletako lehen urtean bi lasterketa irabazi eta maila borobila erakutsi arren, Euskadi Fundazioko taldea ere desagertzeko arriskuan egoteak lan handia suposatuko dio Joni hurrengo urterako talde berria aurkitzeko. Ez merezi ez duelako, baizik eta talderik ez dagoelako. Zorterik handiena, Jon! Antzeko egoeran aurkitzen dira langile zintzoak izan diren Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak. Eta baita taldea osatzen dugun beste guztiok ere. Horien artean, aurten galdu dugun Rufino masailaria. Zer pentsatuko luke, euskal txirrindularitza bultzatzeko hainbeste lan egin ostean, Euskaltel desagertzen ikusiko balu?