Azkenengo urteetan ohitura izan den bezala, Australiarako bidean egongo nintzateke garai hauetan. Denboraldiko lehenengo lasterketara. Ilusio berriekin eta ondo hasteko gogoekin.
Dena aldatzen da orain. Nire ametsak, helburuak, ilusioak eta ogibidea, kirol bati lotuta egon dira beti, baina hemendik aurrera, guzti horrek beste lehentasun bat hartuko du.
Aldaketa nabarmena izango da niretzako. Orain, txirrindularitzarekin zerikusia duen edozein gauza, denbora librea pasatzeko era bat baino ez da izango. Hori pentsatzen dudanean oroitzapen asko datozkit burura.
Hainbeste kilometro errepideetan… Txirrindulari nintzenean 30.000km inguru urtero bizikleta gainean. Eta azkenengo bi urteetan kotxea gidatzen, are gehiago. Australian, Kanadan, Txinan, Polonian eta Europako inguru askotatik ibili naiz kilometroak eginez. Baina ez hori bakarrik, kilometroez gain, jende asko ezagutu dut, lagun berriak egin ditut, eta hainbat eta hainbat gauza ikusi eta ikasi. Bat-batean amaitu da dena. Baina, ez dut pena sentsaziorik nahiz eta ziurrenik, bizipen horretako eguneroko momentu batzuk faltan botako ditudala argi izan.
Garai berri bat hasteko ilusio handia ere badaukat. Txirrindularitzak orain arte egiten utzi ez dizkidan gauzak egiteko gogoa dut. Astebururo familiaz gozatzea edo alaba egunero nola hazten den ikustea adibidez. Etapa berria daukat aurretik.