Aurten, Amurrioko jaietan ospatutako 23 urte azpiko eta nagusientzako txirrindularitza lasterketan parte hartu dut. Nire partaidetzarekin ados ez zegoen baten baten kritika jaso nuen. Horiek ez omen dute gustuko jende nagusiaren eta profesional ohien partaidetza karrera hauetan. Beraien ustez, gazteen proiekzioa mozten dugu.
Argi utzi behar dut, nire gogoa ez zela irabaztea. Nahita ere, ezin izango nuke gaur egun dudan sasoiarekin. Ondo pasatu, txapelketaren grina ase, nire maila eta gazteena neurtu nahi nuen, besterik ez.
Esan behar dut ez nagoela batere ados jasotako kritika horiekin ez eta Euskal Federakuntzaren iritziarekin ere. Gauza bat da profesional ohi batek lasterketan parte hartzea, eta beste bat, topera irabazten saiatzea.
Gaur egun, Federakuntzak ez dio, 28 urte baino gehiagoko kirolariari, Euskal Herriko lasterketetan parte hartzen uzten (Euskadi, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko txapelketetan izan ezik). Baina, ze min egiten dio kirolari horrek gazteago bati? Gaztetan, maila horietan nenbilenean nagusien kontra aritzen nintzen eta argi daukat, horrek, asko lagundu zidala. Eredutzat nituen eta, gehiago eta gogorrago entrenatzera behartzen ninduten.
Orain, lasterketari, konpetentzia hori kendu diote eta horrek, gazteen maila orokorrean eragina duela esatera ausartuko nintzateke.