Errepideko denboraldia amaituta, ziklokrosaren txanda ailegatu da neguko hilabete hauetan. Euskal Herrian ohitura handiko kirola izan da ziklokrosa. Hala ere, azken urte hauetan, ez dago bere garai onenean. Bi edo hiru txirrindulari maila nabarmenean aritzen dira Euskal Herri eta Espaina mailan, baina atzerrira joaten direnean nekez egiten dute lasterketa ona.
Eta horrela jarraituko du egoerak, hemen gauzak aldatzen ez diren bitartean. Maila txikietan aritzen diren gazte ugari dago ziklokrosean. Horietako batzuk, itxura oso onarekin. Baina 23 urte azpiko mailara ailegatzen direnean akabo dana. Handik aurrera, begiak errepidean ipintzen dituzte eta ziklokrosa alde batera uzten dute gehienek. Batzuk, beraiek aukeratuta eta beste batzuk, eta honek ematen dit pena, beraien taldeengatik behartutak. Etorkizun hobeagoa izan du beti errepideak, nahiz eta gaur egun etorkizun iluna duen ere. Horregatik, orain arte behintzat, normala izan da gazteek bertan ipintzea euren helburuak. Baina nik ez dut uste ziklokrosak kaltea egiten dionik errepidean ondo ibiltzeari. Denboraldia ondo antolatuta, bi modalitateetan maila ona erakutsi daiteke. Are gehiago, ziklokrosa errepiderako prestakuntza ona dela esango nuke nik.
Gaur egungo ziklokroseko munduko txapelduna, maila oso onean dabil errepidean, munduko txirrindulari hoberenen artean. Ez du horrek ezer esan nahi?