Askotan galdetu didate Pirinioetako “marea laranja” ren barruan zer sentitzen den. Ez da erraza azaltzen, baina sentsazio oso polita dela argi dago. Gorputzean daramazun nekea ahaztu egiten duzu hor barruan. Errepidearen metro bat baino ez zaizu gelditzen pasatzeko, eta jendearen animoak, oihuak eta keinuak oso hurbil dituzu.
Arrisku apur bat ere ez zaio falta egoerari. Jendea korrika, Ikurrinekin, laguntzeko bultzada bat eman nahian… baina ez da arriskua sentitzen, zoriontasuna baizik. Nahiz eta azkeneko tropelean joan, jendeak zure lana eskertzen duela nabaritzen duzu eta horrek edozeini pozten dio eguna.
Behin, San Mames futbol zelaian egon ginen talde moduan, ohorezko sakea egiteko. Hor erdian ere, partidua hasi baino lehenago, sentsazioa harrigarria da. Beste gauza izango da partidua galtzen joanda sentitu behar dena, kontrako jarraitzaileak kontra izanda eta “zure” jarraitzaileen alde bat ere zure kontra ohiukatzen egonda ere.
Pirineotan ez dago inor zure kontra. Han dauden guztiak zure alde daude. Pentsa, beste talde bateko txirrindulariek ere bere ur botila eskeiniko dizute egarri ikusten bazaituzte!
Lerro hauekin ere, aprobetxatu nahi nuke animo asko bidaltzeko bizikletan istripua izan duen Aner Morenori. Laster ikusiko gara errepidean.